200 mendizaletik gora eta giro ezin hobea beteranoen martxan

Mirari Altube Arrese 2008ko urr. 12a, 22:43
Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen beteranoen mendi martxa egin dute gaur, Arrasaten. 31. martxa izan da, eta Besaide Mendizale Elkarteak izan du antolakuntzaren ardura. 200 lagun baino gehiago elkartu dira giro ona lagun.

Irteerako hitzordua 08:30etik 09:00etara bitartean zen, baina Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako mendizaleak aurrez zeuden irteera gunean: Agurain (Araba), Alonsotegi (Bizkaia), Ordizia (Gipuzkoa)… eta Arrasatekoak, noski. 31. Beteranoen Martxa egin dute gaur goizean, Arrasaten. Euskal Mendizale Federazioak antolatutako ekimena da, eta aurten, Besaide Mendizale Elkarteak hartu du beregain antolaketaren ardura: "Lehen aldiz da antolatzen duguna, eta ez dago horretarako arrazoi berezirik; lanerako gertu geunden eta aurrera egin dugu", jakinarazi digu Besaideko kide eta martxako koordinatzailea izan den Karmelo Bergaretxek. Eta hamar bat lagun ibili dira antolatze lanetan bai ekitaldia egin aurretik, bai egin bitartean: "Lana izan da, eta ardura handia, baina oso pozik gaude emaitzarekin", gaineratu digu Bergaretxek. Besaide, urriaren 6tik 19ra bitartean, ospatzen dabilen mendi hamabostaldi barruan sartu dute beteranoen martxa.
   

200 lagunetik gora

Kanpai hotsekin batera (08:30) irten du talde nagusiak Monterron parketik gora, eta eguraldi goxoa lagun umore onean ekin diote ibilbideari. Aurrez eman behar zuten izena parte hartzaileek eta 180 zituzten zenbatuta antolatzaileek. Hala ere, eguraldi ona aitzakia hartuta azken orduko mendizaleak hurreratu dira, eta denek jaso dute martxarako txartela; guztira 200 baino gehiagok. Beteranoendako izan da irteera, hau da, 40 urtetik gorakoendako, baina umeak ere izan dira atzoko ibilaldian gurasoei lagun egiten. Eta baldintza bakarra zuten: federatua izatea. Hala, etorritako gehienak mendi elkarteetako kideak dira, eta asko mendi ibilaldietan elkarrekin jarduten dutenak.
   

Aparteko giroa, ustekaberik ez

Goizeko lehen ordutako haize zakarrak baretzera egin du, eta mendizaleek eskertu dute. Hori horrela, inolako arazo eta ezusteko barik egin dute martxa guztiek. Gainera, antolatzaileek gertatutako ibilbidearekin oso gustura azaldu dira bukaeran, batez ere errepidea ia zapaldu barik egin dutelako: "Eta hori gero eta zailagoa da gaur egun", esan digu martxako koordinatzaileak. Mendizale bizkorrenak 11:30ak ingururako helmugara iritsita zeuden, eta presa barik ibili direnak 13:30ean sartu dira.

Ibilbide ezezaguna

14 kilometroko ibilbidea gertatu dute Besaideko kideek Udalatx mendiaren magalean, "ibilbide nahiko samurra" haien esanetan. Arrasate 220 metrora dago, eta igotako punturik altuena 700 metrora; hortaz 500 metroko aldea bakarrik zeukaten. Baina ez da betiko ibilbidea izan eta arrasatear askorendako ere ezezaguna den bidexkak txukundu eta berreskuratu dituzte Besaideko kideek Udalaren laguntzarekin: "Udala auzotik Meatzerrekara bitartean dagoen bidetxoa zabaldu dugu, eta sasoi batean meatzeak izandako tokietatik pasatu dira mendizaleak. Bidexka estua da, baina benetan polita", dio Bergaretxek. Ezezaguna izan arren, behar bezala izendatuta eta markatuta zeukaten ibilbidea eta ez dute galtzeko inolako arriskurik izan. Gainera, sorospen taldea osatu dute mendizaleei lagun egiteko eta hainbat puntutan egon dira kokatuta: Udala auzoan eta Meatzerrekako bidegurutzean.
   

Bazkaria uarkapen

Ekitaldiari bukaera emateko bazkaltzera geratu dira martxara etorritako gehientsuenak. Uarkapen zeukaten antolatuta, eta hantxe izan dira lagunartean eta giro onean Euskal Herritik etorritako mendizale beteranoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak