Udal gobernua apurtu da Gelmako etxebizitzen gaineko auziarengatik

Editorea 2006ko eka. 14a, 19:46
Aralarreko zinegotzi Joxe Etxeberriak dimititu egin du eta horrek gobernu batzarra (orain EAJ-EA) egoera delikatuan utzi du. Izan ere, EAJ-EAk bederatzi zinegotzi ditu guztira. Oposizioak, berriz, hamaika (PSE-EE (5), PP (2), EB (3) eta Aralar (1)). Lakuntza alkateak argi du nola bideratu egoera: "saiatuko gara akordioak lortzen talde politiko guztiekin".

Udalean dauden alderdiekin egon gara eta baita Iñazio Lakuntzarekin ere. Haien hitzak jaso ditugu:

Inazio Lakuntza: Arrasateko alkatea

Gelmako ika-mika dela-eta jasotako kritikei erantzunez, alkateak esan du horretatik aberasten dabilela uste duenak ez duela alkatearen ibilbidea ezagutzen. Bestalde, onartu egin du etxebizitzen prezioak direla-eta EAJ-EA koalizioaren barruan eta gobernu batzarrean eztabaida egon dela, baina gaineratu digu lortu dutela postura bateratua eta negoziazio prozesua ia hasita dutela. Era berean, aitortu duegindako kalkuluak baino askoz prezio handiagoak direla baina zera gaineratu du: "Komeni da gogora ekartzea gaur bertan erdiko aldean prezio horretako transakzioak egiten ari direla.

Aralarren dimisioaren gainean, berriz, esan du ezusteko handia izan dela dimisio hori gobernu batzarrean. Edozelan ere, onartu du Joxe Etxeberriaren jarrera izan dela oso ona eta gauza asko atera dituztela aurrera bere laguntzarekin. Eta gaineratu digu hori horrela, pentsatzen duela Aralarren erabaki hori goi politikaren erabakia izan daitekeela; are gehiago, zerikusia izan dezakeela Aretxabaletako Udaletxean gertatutakoarekin eta esan beharra dago, baita ere, hauteskunde atarian gaudela eta indar politiko guztiak kokatzen ari dira". Etorkizuneko gobernazioaren gainean, berriz, esan digu negoziazioa izango dela bidea: "Edozein gai aurrera ateratzeko egon behar gara indar politiko guztiekin; saiatuko gara akordioak lortzen".

Aralar, Joxe Etxeberria

Aralarri dagokionez, honako arrazoiak eman ditu dimititzeko: "Egoera honen aurrean Udaleko Gobernu batzordekide izaten jarraitzeak honako hau suposatzen duela uste dut: PNVkoen artean izan daitezkeen tira-biren ikusle izatetik erabakitzaile izatera pasatazeko arriskua; batzorde bat erabakitzaile izateko, benetako informazioa izan behar duela uste izatetik, edozein datu txikirekin konformatzea ametitzea: Ezin da besterik pentsatu 2004an hitzarmena onartu zen moduan onartu ondoren, eta orain dugun informazioa alderatzerakoan. Herri guztirako (eta ez gutxi batzurentzat soilik) onura nola bideratu behar deneko eginkizuna duen Gobernu Batzorde batek ezin du hala funtzionatu (datuak ezkutatu, bata besteari mutur joka, datuak kalean ezagutuz…)".

Eskaera bat ere egin dio gobenu batzarrari: "Edozein berkalifikaziorik egin behar izanez gero, aldez aurretik txosten eta datu ekonomiko zehatzak, erabakiak hartu behar dituztenen esku izateko beharra, ezinbestekotasuna. Dagoeneko, bai Gelma, bai Legarre, Uribarri, Polmetasa eta abar berraztertzen hasi beharra dago".

Aralarrek argi utzi gura izan du ereabaki horrek ez duela "suposatuko gerran hasiko" dela eta "orain arte moduan, ahalik eta duinen eta garbien lanean jarraitzeko asmoa azaltzen dut".

PSE-EE, Paco Garcia

"Ez dugu baloratuko gainerako alderdi politikoek hartzen dituzten erabakiak, autonomoak direlako. Edozelan ere, dimisio honek sortzen digun kezka da, gobernua erabateko krisian sartu dela. (…) Horrek kezkatzen gaitu, horrek eragingo diolako Arrasateri".

Bestalde, horrenbeste kritikatu diren Gelmako etxebizitzen prezioen (5.000-6.000 euro metro karratua) gainean, berriz, esan digu 2004ko hitzarmenean ez zutela zehaztu etxeen gehienezko prezioa.Gogorarazi digu etxe merkeak nahi izan arren, merkatuan prezioek gora egin dutela, "aurreikusi genezakeena baino gehiago egin dute gora etxeek Arrasate osoan", etxebizitza libreei dagokienez gehiegizko prezioak daude. Egoera hobetu badaiteke, gu beti egongo gara laguntzeko gertu".

PP, Itziar Lamarain

"Harritu egin nau horrenbeste tardatu izanak. Hiru urteotan Udaleko funtzionamendua ikusi eta gero,niretako ez zen logikoa EB eta Aralar gobernuan egotea. Gertaerek arrazoia eman didate. Gelma dela-eta alkateari erantzunez, berriz, jakinarazi digu etxeen prezioen ika-mikaren aurretik, izan zela beste bat aparkalekuak direla-eta: "Aurreikusitakoa baino gutxiago egin behar dituzte eta protesta egin nuen, galtzailea Udala delako. "Batzutan gobernuaren alde bozkatu dugu eta bestetan kontra, gure irizpideen arabera. Hemendik aurrera berdin gertatuko da. Bestalde, uste dut inork ez duela alkatea akusatu dirua poltsikoratzeaz. Dioguna da gauzak ez daudela argi. Baina aspaldi eta gauza askorekin: kultura etxean adibidez, Gelman, Caixan… Gauza asko dira, bata bestearen gainean, eta espero dezagun halako besterik ez ateratzea".

Ezker Batua, Ander Rodriguez

Ezker Batuak prentsaurrekoa eman du Gelmaren eta hango zuzendaritzak sortutako Obenerra elkarte sustatzailearen arteko salerosketaren nondik norakoak azaltzeko. Horrela diote: "Obenerrekak sekulako dirutza eskuratu du Gelmako lurren berkalifikazioa egin eta gero. Hain zuzen ere, eta emandako datuen arabera, 32.867.364 euro irabazi ditu lurrekin bakarrik.

Zifra hori lortzeko, Ezker Batuak jakinarazi digu Gelmako lurren balio industriala 1.600.000 eurokoa zela. Lurren berkalifikazioa egin eta gero, berriz, 64.800.000 euro balio du. Bien arteko kenketa egin eta gero, 63.240.000 euroko aldea ateratzen da, plusbalioa.

Bada, Ezker Batuak salatzen du plusbalio horren banaketa "kuriosoa" egin dutela. Izan ere, Obenerrekak Gelmari 31.989.666 euro ordaindu dizkio lurrengatik. Beraz, gainerako 32.867.364,60 euroak Obenerrekaren eskuetan geratu dira. Kuriosoa da plusbalio osoa ez eskuratzea Gelmak, erdia baino gehiago jasoko du Obenerrekak.

Ezker Batuak salatu du: "Hitzarmenean ez zuten aurreikusi zifrak handitu egin zitezkeela eta ondorioz, Udalak bost milioi euro galduko ditu. Badakigu bestelako konpentsazioren bat negozitzen dabiltzala Obenerrekarekin, parkeren bat urbanizatzea edo halako zerbait. Baina, bost milioi eurorekin, herri osoa urbaniza genezake. Operazio inmobiliario bat da.

  • EAren adierazpenak jasotzekotan gara Goienan. Horregatik falta dire hemen.
  • Informazio osatua emango dute bai GOITBn eta bai eguakotxeko Goienkarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak