Lo egiteko herria ote da Arrasate?

NZ-1 2006ko api. 10a, 19:35
Arrasate lo egiteko lekua bihurtzen dabil. Hori da joan den astean Seber Altube plazan egon den liburuen eta kulturaren azokatik egin duten argazkia. Normalean ez bezala, Arrasaten aste egunetan baino ez da ikusten jendea kalean. Asteburuetan hustu egiten da, herri tristea bihurtuz. Azokan saldu duten gehiena aste egunetan saldu dute. Hala ere, pozik salmentekin, datorren urtean ere etorriko direla esan dute.

Martxoaren 31n zabaldu zuten liburuen azoka Seber Altube plazan eta joan den domekara bitartean egon da zabalik. 10 egunetan jarraian, Arrasateko herritarren hainbat gorabehera ikusi ditu azoka horrek. Besteak beste, saltzaileek ondorioztatu dute Arrasateko herritarrak herrian egoten direla lan egunetan, baina asialdia pasatzera edo beste edozein gauza kontsumitzera kanpora joaten direla.

Alderantzizko joera

Normalean holako kultura azoka ibiltarietan gertatzen dena izaten da aste egunetan herritar gutxiago hurbiltzen direla liburuak ikustera eta erostera. Kaleetan ere lagun gutxiago ikusten ohi dituzte saltzaileek aste egunetan. Asteburuetan eta jai egunetan izaten dute negoziorik handiena.

Ba Arrasaten alderantziz gertatzen omen da. Aste egunetan askoz ere lagun gehiago ibili dira azokan, asteburuetan baino. Aizpurua, Elkarreko arduradunaren esanetan, herri tristea bihurtzen da Arrasate asteburuetan. Hori orain gertatzen ari dena. Etorkizunera begira, berandu barik, Elkarrekoak uste du hori arazo bat izango dela Arrasaterako.

Salmenta onak

Hala ere, azokako saltzaileak pozik joan dira Arrasaten egindako salmentekin. Datorren urtean ere hemen izango direla esan dute. Euskaraz saldu dutenaren artean arrakasta izan dute Jon Maiak, Elkarreko bildumak, Bernardo Atxagak eta Paul Austerren Brooklin Erokeriak liburuak. Gazteleraz ere oso ondo saldu da Paul Austerren liburua. Horretaz gainera, Ruiz Zafónen "La sombra del viento", eta Toti Martinez de Lezearen eleberriak oso ondo saldu dira. Musikan Benito Lertxundik saldu du gehien. Bestalde, gazteek aprobetxatu dituzte bilduma batzuk rock musika merkeago erosteko. Azkenik, haurren esparruan Pirritx eta Porrotx izan dira izarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak