Emakumearekin erabiltzen den indarkeriaren aurkako lehen Udal Plana onartuta

NZ-1 2006ko mar. 29a, 13:41
Martxoko Osoko Bilkurak onartu du lehen Udal Plana, aho batez. Diagnosian ikusitako akatsei eta beharrei aurre egiteko, ekimen zehatzak planteatzen du Planak. Diru baliabideak ere zehaztu ditu. Azkenik, ateak zabalik utzi ditu, eten barik hobetuz joateko.

Emakumearekin erabiltzen den indarkeriari aurre egiteko lehen Udal Planak argi berdea du, asteleheneko osoko bilkuran onartu zuten aho batez Arrasateko zinegotziek. Arrasateko egoeraren, hau da, zerbitzuen eta erakundeen gaitasunaren gaineko diagnosia egin ondoren, udalaren ekintza plana gauzatu dute.

Akatsak konpondu behar

Diagnosiak argi utzi du gaur egun akats handiak daudela. Genero indarkeria dagoen kasuetan, esate baterako, erakutsi du erakundeak ez daudela ondo gertatuta behar bezalako erantzuna emateko.

Horri aurre egiten hasteko, Arrasateko lehen Udal Planak hainbat ekimen zehatz planteatu du: Estatistika fidagarriagoak egiteko informazio sistemak lantzea hasteko. Horrekin, betseak beste, datu base bat egitea, une latzak iristen direnean ahalik eta azkarren lan egiteko eta biktimari egoera latzagoa ez egiteko.

Esparru horretan lan egin behar duten profesional guztiei behar bezalako formakuntza emango zaie. Profesionalen artean eta baita gizartean ere informazio eta sentsibilizazioa landuko da. Detekzio sistemak garatuko dituzte eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatuko da.

Tratu txarrak izan dituzten emakumeendako babes eta segurtasun sistema gehiago jarriko da. Horretaz gainera, indarkeria hori sistematikoki gai judiziala ez izateko, zerbitzu sozial berria jarriko da abian. Eta ezinbestekoa dena: Berehalako eta behin behinerako babes eta harrera tokiak egokituko dira. Azken puntu horretan, gainera, ez da kontuan hartuko indarkeria jasan duen emakumeak salaketa jarri duen ala ez.

Horretarako Udalak baliabide ekonomikoak ere jarriko ditu abian. Giza baliabideei dagokienez, Emakume Sailak uste du dinamizatzailearen figura sendotu behar dela eta egun osoko jarduna izango duen lanpostua izan behar dela. Hori datorren urteko aurrekontuetarako eskaera izango dela aurreratu du Emakume Sailak.

Ateak zabalik

Udalaren lehen Plana da eta oraindik ere esku artean du hainbat kontu aztertzeko. Esate baterako, tratu txarrak izan dituzten emakumeedako berehalako atentziorako zentroa jartzea, banandutako bikoteendako elkartze tokia eta, azkenik, familian bitartekaritza lana egingo duen zerbitzua ere jarri nahi du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak