San Viator ikastolaren teknologia tailerra erre zen atzo goizaldean

A.G. 2006ko ots. 20a, 09:32
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako 200 bat ikaslek hartzen zituzten teknologia eskolak erretako eraikinean. 2. solairua eta teilatua erre dira.

Arrasate Pasealekuan dagoen San Viator ikastetxearen atzeko aldean dagoen eraikinak sua hartu zuen atzo goizaldeko ordu batak aldera. Suhiltzaileek 01:20ean jaso zuten deia Zubillagan eta ia lau ordu behar izan zituzten sua erabat itzaltzeko. Eraikinaren goiko solairua –bi solairu ditu– eta teilatua erabat erre dira. Atzo ezkero, segurtasunagatik, itxita dago eraikina eta perituek esan beharko dute zein egoeratan geratu den. Izan ere, eraikinaren egiturak ez dirudi, lehenengo begiratuan behintzat, kalte handirik jasan duenik. Horrela adierazi digu Txaro Iraeta ikastolako zuzendariak. Hala ere, kalteak handiak izan dira goiko aldean, hantxe hasi baitzen sua.

Nola piztu zen jakiteko ikerketa

Sua berez piztu zen, zirkuitulabur baten ondorioz, edo eragindakoa izan den argitzeko dago. Ertzaintza ere izan zen sua piztu zen lekuan eta perituek ere euren iritzia eman beharko dute. Hala ere, ikastolako arduradunek ez dute baztertzen eragindakoa izatea: "Han inguruan sua pizten aritzen dira gaztetxoak eta arriskua beti egon da".

Tailer barik geratu dira

DBHko bigarren zikloko ikasleak dira teknologia eskola ordu gehien hartzen dituztenak astean. Lehenengo solairuko tailerretako materiala errekuperatu daiteke, han suak ez baitu kalterik eragin. Aldiz, bigarren solairuko azpiegitura guztia galdu egin da. Ikastolako zuzendariak adierazi digunez, "leku fisikoa egokitzeko konpon gaitezke, baina, azpiegitura, hau da, makinak, instalazio guztiak –mekanika, elektronika...– ikasteko behar dena erre egin da eta hori errekuperatzea gehiago kostatuko zaigu. San Viatorreko gunean horixe zen geneukan tailer bakarra. Ferixalekuan eta Almenen ere baditugu DBHko ikasketak, hortaz, ikusi egin beharko da zer nolako aukerak ditugun ikasleek euren eskolak gal ez ditzaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak