Arrasateko Otalora kalean ireki dute Kutxa-Zeharo proiektuaren bigarren egoitza. Gizartetik kanpo geratzeko arriskua duten pertsonei lana bilatzen laguntzeko zerbitzu bat da Kutxa-Zeharo, eta Arrasate leku ona da horretarako, egitasmoko zuzendari Mariano Cortesek aditzera eman duenez.
Arrasateko egoitza Debagoiena osoko pertsonei zuzendua dago. Bilera gela, laneko zona bateratua, elkarrizketa gela eta bulego bat ditu, orotara, 100 metro koadro inguru. 4 pertsonak jardungo dute bertan lanean. Gaur eguerdian izan da inaugurazio ekitaldia.
Bigarren egoitza, Donostiakoaren atzetik
Arrasatekoa, Kutxa-Zeharo egitasmoak bere baitan duen bigarren bulegoa da, Donostiakoaren atzetik. Gipuzkoako hiriburukoak 3 hilabete daramatza martxan, eta Mariano Cortesek oso bide onetik doala esan du.
Hirugarrena apirilean irekiko dute Eibarren, eta laugarrena ekainean Irunen. Bosgarren bat Goierriko eskualdean ipintzea aurreikusten dute.
Zer da Kutxa-Zeharo?
Gureak taldearekin lankidetzan, Kutxaren Gizarte Ekintzak sustatutako zerbitzua da Kutxa-Zeharo. Gizartetik kanpo geratzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea du helburu: etorkinak, elbarritasunen bat dutenak, gutxiengo etnikoak, 40 urtetik gorako langabeak, preso ohiak eta lana bilatzeko zailtasunak dituzten gainerako kolektiboak.
Nola funtzionatzen du?
Lana bilatu nahi eta ezin duten debagoiendarrekin jarriko dira harremanetan Arrasateko bulegoko kideak, eta baita inguruko enpresekin ere. Lan bila dabiltzanak eskaintzetan sartuko dituzte eta, lanbide orientazioa eta prestakuntza emango zaie behar dutenei. Enpresei dagokienez, hautagai egokiak aurkitzen ahaleginduko dira, eta gisa honetako pertsonak kontratatzeagatik jasoko dituzten laguntza ekonomikoen berri emango diete.