Tira-birak Santamasen inguruan

Nerea Zubiete 2004ko abe. 15a, 19:02
Santamas jaiak direla eta, aurten ere ezadostasunak daude Udalaren eta, Santamas Komisinuaren eta hainbat kultur talderen artean. Hori dela-eta, aurten Santamas Azoka eta jai egun ofiziala egingo dute abenduaren 22an, Santamas egunean alde batetik, eta, bestetik, abenduaren 18an jai herrikoiaren aldeko deia egin dute Santamas Komisiñoko eta hainbat kultur taldeko lagunek.

Jai herrikoiaren aldeko kideek azaldu dutenez, Santamasak orain dela mende laurdena baino gehiago herritarrek berreskuratutako jai bat da eta orain arte herrikoiak izan dira, herriak jaiaren eremu guztietan hartu du esku.

Udalaren eta taldeen arteko harremana bideratu nahi

Erakundeen parte hartzea ere, bestalde, beharrezkoa dela deritzote jai herrikoien aldekoek. Baina salatu dute azken bi urteotan Udaletxeak jaiak instituzionalizatzeko jarrera hartu duela. Hori dela-eta, zapatuko jai herrikoiarekin honako bi helburuak lortu nahi dituzte: Kultura taldeen iritziak aintzat hartzea eta jaien antolakuntzan herritarren partehartze aktiboa bermatzea alde batetik eta bestetik, Udala eta komisinuaren arteko elkar ulertze zintzoa bultzatzea, denon artean jai herrikoi batzuk antolatu ahal izateko.

Udalaren aurka ez

Zapatuan egingo duten jai partehartzailen egoteko deia egin dute. Bertan, goizeko 11,30etatik aurrera kale animazioa, dantzak eta erakusketak egingo dituzte besteak beste. Beste jai bat proposatu dute, beraz, Santamas Komisiñoko lagunek, baina bestalde, argi utzi nahi izan dute ez daudela Udaletxeak antolatutako jaiaren aurka, eta zapatukoa ez dela Udalaren aurka antolatutako ekintza bat, ez dutela boikota nahi eta diru kontuekin ez duela zerikusirik jai honek.

Udalaren oharra

Udalak, bere aldetik, eta Kultura eta Sustapenerako Batzorde Buruaren izenean, prentsa ohar bat kaleratu du hainbat galdera eginez, eta, bere esanetan, hausnarketarako gonbitea eginez. Lehendabizi kultura Batzordeburuak dio ez duela ulertzen zergatik jai herrikoiak gehiago lotzen diren bultzatu, sustatu edo antolatzen dituenarekin, eta ez hainbeste eskaini nahi denarekin.

Parte hartzea kontzeptuaren inguruan, Batzordeburuak galdetu egin du zein den Udalaren diru laguntza jasotzen duten kultur taldeen betebeharra: kultura sortu eta hedatzea eta esanguratsuak diren uneetan kultura eskaintzea? Batzordeburuak dio Udalak horren inguruan duen erantzuna garbia dela, baina orain gonbitea egiten diela herritarrei horren inguruko hausnarketa egin dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak