Zarzuela: antzokia bete eta txalo zaparrada artean agurtu zen elkarte lirikoa

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko abe. 13a, 10:13
Amaia antzokia bete egin zuen Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak zapatuan eta domekan egindako emanaldietan. "El Huesped del Sevillano" euren bosgarren zarzuela estreinatu zuten.

“Xaloa, apala, baina esker onez eta maitasunez betetako omenaldia egin nahi diogu gaur Juan Artzamendi maisua zenari Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa osatzen dugun kideok”. Hitzokin hasi zuten zapatuan El Huesped del Sevillano zarzuelaren estreinaldia elkarteko kideek. Hunkigarria izan zen, halaber, eszenatoki gainean zeuden taldeko kide guztien begiradapean, Tere Gonzalez elkarteko zuzendaria jaitsi, eta entzuleen artean zegoen Ines Zeziagarengana –Artzamendiren alarguna–, hurbildu zeneko unea, bi musu eta lore sorta ematera. Zarzuela bera ere Artzamendiri eskaini zioten.

Txalo ugari

Arrasate Musikaleko orkestra lehenengo konpasak jotzen hasi, eta ireki egin zen atze-oihala. Bat-batean Toledora egin genuen jauzi entzuleok; Toledoko plazatxo batera, iturri eta guzti. Dekoratuek asko lagundu zuten horretan, errealak ziren, biziak eta detailedunak. Baita jantziek ere.

Toledoko plazatxo hartan hasi zen zarzuela, eta hantxe gertatu zen istorioaren muina: Juan Luis margolariak (Enrique Altuna) eta Raquel ederrak (Mª Luz Hernandez) elkar ezagutu eta maitemintzen direneko unea. Baita Don Diego maltzurrak (Ignacio Olaizola) Raquel bahitzen duenekoa ere. Hortik aurrera, hainbat une hunkigarri eta barregarri ere bizi izan genituen istorioaren korapiloa askatu arte. Lan polita egin zuten elkarteko kideek, eta entzuleek jakin zuten erantzuten: txalo zaparrada handiak entzun ziren Amaia antzokian. Baita jende ugari ahopean abesten ere.

Zuzendariaren poza

Urduri zegoen Tere Gonzalez elkarteko zuzendaria emanaldiaren aurretik, eta oso pozik haren ondoren: “Orain arte egin ditugun bost zarzueletatik, hauxe izan da estreinaldirik onena; oso pozik nago. Guztia atera da ondo, txikikeriaren bat izan ezik. Lan ederra egin dute taldeko kide guztiek. Espero dezagun geratzen diren emanaldiak hau bezain ondo ateratzea, edo hobeto”.

Izan ere, beste bi emanaldi geratzen dira oraindik: egubakoitzean, 20:00etan, eta zapatuan, 19:30ean, Amaia antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak