Baserritarrek begi onez ikusten dute nekazal azoka bultzatzea

Larraitz Zeberio Lekuona 2004ko aza. 29a, 10:10
Bedoña, Gesalibar, Musakola eta Uribarri auzoetatik hamabi baserri animatu ziren azokara. Baserritarrek bat egiten dute esaten babesgabe sentitzen direla gaur egungo gizarte kontsumitzailean.

Arrasateko hamabi baserri elkartu ziren zapatu goizean Seber Altube plazan egin zen nekazal azokan. Ekimena Arrasateko Udalak antolatu zuen, Ibai-Arte elkartearen laguntzarekin.

Baserritar gehienak plazan ziren goizeko 8etarako, nahiz eta azoka ordubete berandu zabaldu. Baserriko produkturik ederrenak ekartzen saiatu ziren. Bezperan utzi zituzten prest etxeko barazkiak, fruituak, txorizoak, loreak, gaztak, ogia eta txakolin botilak. Hotza zen nagusi goizeko ordu txikietan Arrasateko erdigunean. Jendea ez zen eguerdi partera arte animatu.

Alarma oihua

Baserritar guztiak bat datoz: gaur egungo gizarte kontsumitzaile honetan, euren lanak ez du inongo onarpenik.

“Denoi gustatzen zaigu baserriko produktua”, adierazi zuen Musakola auzoko Hegi Handi baserriko Xabier Arregik. “Merkatuan, ordea, denak dira berdinak. Kontsumitzaileak ezin ditu baserriko produktuak granja erraldoietan egiten direnetatik desberdindu. Sistema bat aurkitu beharko genuke hori ahalbidetzeko, laguntza handia izango litzateke eta guretzat”. Gorostitza baserriko Jonek argi du, bestalde, baserria nekazaritza esplotazio bat baino gehiago dela. “Baserria garrantzi handikoa da gure gizartean, kultura, hizkuntza eta ohiturak gorde dituelako”.

Azoka gehiago

Lan baldintza gogorretan ari dira baserritarrak, baina begi onez ikusten dituzte azokaren moduko ekimenak.

“Urtean bi azoka baino gehiago egin behar dira”, argudiatzen zuen, haserre, Uribarri auzoko Urdaixene baserriko etxekoandreak. “Herriko plazara etorri, etxeko jakiak saldu... poz handia hartzen dugu jendea guregana etortzen denean”.

Belaunaldi berriak

Irune eta Josune Errasti baserrikoak dira eta, kalean lan egiten badute ere, etxeko baratzari eusten saiatzen dira.

“Etxerako da egiten dugun baratza, eta lehen aldia da azoka baten parte hartzen dugula”, adierazi zuen Irunek. “Kaletik bizi gara, baina barazkiak, odolostea, txorizoa, ogia... ahalik eta produktu gehien etxean egiten saiatzen gara”.

Azokara etortzea ideia ona izan delakoan daude. “Azokaren helburua baserria bultzatzea zela esan ziguten, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak