Kepa Errastik 'Desobedienteak 18/98' antzezlana taularatuko du zapatuan

Oier Zumarraga Aranburu

Zaraia aretoan izango da emanaldia, 19:00etan, eta sarrerak agortuta daude. Desobedientzia zibila eta 18/98 sumarioa ardatz dituen antzezlanean egindako interpretazioagatik jaso du aktore aretxabaletarrak gizonezko aktore onenaren Besarkada saria.

Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak Desobedienteak 18/98 antzezlana taularatuko du zapatuan, 19:00etan, Zaraia aretoan. Hain zuzen ere, lan horretan egindako interpretazioagatik jaso zuen Errastik Besarkada saria berriki. Emanaldirako sarrerak agortuta daude.

Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzendutako lanak desobedientzia zibila eta 18/98 sumarioa ditu ardatz. Doktoretza-tesia epaimahaiaren aurrean defendatu behar duen gazte baten istorioan oinarritzen da.

Hainbat pertsonaiaren azalean

Errastik auzipetuetako baten azalean jartzeaz gain, beste hainbat pertsonaia ere antzezten ditu emanaldian zehar. Benetako testigantzak eta ikus-entzunezko grabazioak ere baliatzen dituzte auziaren testuinguru historikoa azaltzeko.

Bigarren urtez jarraian jaso zuen Errastik Euskal Aktoreen Batasunak emandako aitortza. Aretxabaletarrak, gainera, sari banaketaren zuzendaritza lanetan ere jardun zuen, iaz bezala. Hodei Arrastoarekin batera zuzendu zuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako XXI. Besarkada Sarien ekitaldi nagusia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak