Gizonezko aktore onenaren saria jaso du Kepa Errastik, antzerkian, Besarkada Sarietan

Eneko Azurmendi Barrena

Kepa Errasti aktorea. 

Atzo, astelehena, banatu zituen Euskal Aktoreen Batasunak XXI. Besarkada Sariak, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Kepa Errastik, saioa zuzentzearekin batera, antzerkiko gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen.

Iñake Irastorzak jaso du Ohorezko Besarkada saria, "interpretazioari bizitza oso bat eskaintzeagatik", antolatzaileen esanetan. Beste sarituak Nagore Aranburu, Arnatz Puertas, Patricia Lopez Arnaiz, Jose Ramon Soroiz, Ainara Gurrutxaga eta Kepa Errasti izan dira. Hain zuzen, Yune Nogueirasekin batera, bi hautagai debagoiendarretako bat zen aretxabaletarra. 

Desobedienteak 18/98 antzezlanean egindako interpretazioagatik jaso du antzerkiko gizonezko aktore onenaren saria Errastik, eta bigarren urtez jarraian jaso du aitortza hori. Gainera, Hodei Arrastoarekin batera, bigarren urtez zuzendu du ekitaldia aretxabaletarrak, gidoia egitearekin batera. 

Izen handiak irabazleen artean

Talentu berria aitortzea helburu duten errebelazio saria Nerea Sanzek eta Omar Somaik jaso dituzte. Fikziozko seriatuen atalean, Nagore Aranbururentzat izan da Emakumezko Aktore Onenaren saria eta Arnatz Puertasentzat, berriz, Gizonezko Aktore Onenarena. Zineman, Patricia Lopez Arnaizek eta Jose Ramon Soroizek irabazi dituzte aktore onenen sariak. Antzerkian, azkenik, Errastirekin batera, Ainara Gurrutxagarentzat izan da Emakumezko Aktore Onenaren saria.

Besarkada Sarien banaketa ekitaldia, atzo, Victoria Eugenian. (Argazkia: EAB).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak