JokinEkin elkartasun jaialdia egingo dute apirilaren 2an eta 3an, Almen ikastolan, Jokin Larrinagaren errehabilitaziorako dirua biltzeko. Kaparrak taldeko kideak eta Mauka Musikagintza ari dira jaialdia antolatzen, eta dagoeneko iragarri dituzte jaialdiko lehen hamabost taldeak izango direnak.
Kaparrak taldearen entsegu batean sortu zen ideia, Larrinagaren aldeko diru bilketa abiatu zutenean. "Hasieran, kontzertu xume batzuk egitea zen asmoa, baina berotzen joan gara", azaldu du Aritz Zubia antolatzaileak. Taldeei proposamena egiten hasi ziren, eta, askok baiezkoa eman zietenez, egitasmoa handitzen joan da. Lehen aldiz ari dira halako jaialdi handi bat antolatzen, eta prestaketa-lanetan buru-belarri dabiltza.
Hamabost talde baieztatuta
Lehen hamabost musika taldeak iragarri dituzte jada: Kaparrak, Añube, Maruxak, Kaos Urbano, Neomak, Arene 6, Tatta, Chuleria Joder, Nafarroa 1512, Maritak, Sukenda, Neallta fola, Hazas, Sembrando Kaos eta Maixa Malakias. Estilo askotariko taldeak bildu nahi dituzte, ahalik eta jende gehien erakartzeko. Talde askok musu-truk joko dute, eta antolatzaileek haien prestutasuna eskertu dute. Sarrerak datorren egubakoitzean, 11:00etan jarri dituzte salgai, Bandit tickets webgunean.
Almen ikastola aukeratu dute jaialdia egiteko, Larrinaga bertako ikasle ohia delako eta antolatzaileek kokaleku egokitzat jo dutelako. "Herri jaialdia izatea nahi dugu", adierazi du Zubiak. Horretarako, boluntario sare zabala osatu beharko dutela azaldu du, eta herritarren laguntza ezinbestekoa izango dela antolakuntza lanetan.
