Martxoaren 17an izandako istripu larriak erabat aldatu zion egunerokoa Jokin Larrinagari. Ordura arte, kirola zen haren zaletasun nagusietako bat; orain ere hala izaten jarraitzea nahi du, nahiz eta beste modu batean aritu behar duen. "Beti izan naiz kirolaria, eta istripu honek ez nau kiroletik aldenduko", nabarmendu du. Toledoko Paraplegikoen Ospitalean errehabilitazioa egiten ari dela, besoen indarrez mugitzen den bizikleta egokitua erabiltzen hasi da. Esku bizikletak aukera eman dio kirolarekin berriro gozatzeko, baina baita ospitaleko errutinatik aldentzeko eta etorkizuneko erronka berriak irudikatzeko ere. Oraindik bide luzea du aurretik, baina kirol egokituan aurkitu du aurrera egiteko motibazio iturrietako bat.
Kirola betidanik izan da Larrinagaren bizitzaren parte. 6 urte ingururekin hasi zen futbolean, UDAren eskutik, eta senior mailara arte jokatu zuen. Mendiko lasterketetan, txirrindularitzan eta snowboardean ere aritu izan da.
Esku bizikletan aurkitu du kirolaz berriro gozatzeko eta askatasun sentsazioa berreskuratzeko aukera
Toledoko ospitalean aurkitu zuen kirolari berriz heltzeko lehen aukera: maiatz inguruan, beste paziente batzuk bizikleta egokituan ikusi zituen, eta haiek ikusita sortu zitzaion probatzeko grina. Orduan, besoetako mugikortasuna mugatua zuen oraindik, baina beste pazienteak ikusita argi izan zuen: "Hori egin nahi nuen". Kirolari lotuta "esperantza puntu bat" aurkitu zuela azaldu du.
Berriz aske sentitzea
Lehen saioa ez zen erraza izan. Ohiko bizikletan hankekin pedalei eragiten ohituta zegoen; oraingoan, ordea, besoekin egin behar zuen indarra. Mugimenduak koordinatzea kostatu egin zitzaion, baita erritmoari eustea ere. Zailtasunak zailtasun, esperientziak utzitako sentsazioak gailendu ziren. "Askatasun puntu bat" berreskuratu zuen, haren hitzetan. Bizikleta gaineko lehen esperientzia hark erakutsi zion kirolak bere bizitzan lekua izaten jarrai zezakeela, ordura arte ezagutzen zuen moduan ez bazen ere. Onura fisikoez gain, badu beste eginkizun garrantzitsu bat: pentsamendu negatiboetatik aldentzen laguntzen dio.
Behobia, begiz jota
Kirol egokituak etorkizuneko helburuak irudikatzeko aukera ere zabaldu dio. Horien artean badu bereziki erakartzen duen bat: Behobia-Donostia lasterketa ezagunean parte hartzea; oraingoan, esku bizikletan. Aurretik, korrika egin zuen proba, eta egunen batean bizikleta egokituarekin osatu nahiko luke ibilbidea. Ez du, hala ere, eperik jarri. Badaki goiz dela oraindik halako erronka handi bati heltzeko; oraingoz, entrenatzen jarraitzea du lehentasun.
Bizitza berrira egokitzen
Martxoan aldatu zen erabat Larrinagaren ordura arteko bizitza. Formigalgo eski-estazioan lagun batekin snowboardean ari zela, taula elurretan trabatu eta erorikoa izan zuen. "Kontziente egon nintzen une oro. Oso zaila izan zen", gogoratu du. Erorketaren ondoren, berehala ohartu zen gorputzeko hainbat atal ezin zituela mugitu. "Lepoan min handia nuen, eta ezin nintzen mugitu", azaldu du. Erreskate-taldeek artatu ondoren, Zaragozako ospitalera eraman zuten helikopteroz. Han, zortzi ordu inguruko ebakuntza egin zioten, bizkarrezur-muineko lesio zerbikalaren ondorioz. Tetraplegia du ordutik. Horren ondoren, apirilaren 15ean eraman zuten Toledoko Paraplegikoen Ospitale Nazionalera, eta maiatzean hasi zuen errehabilitazio-prozesu luzea.
"Bizitza segundo batean aldatu zait", dio Larrinagak, martxoko istripuaren ondorioak gogoratzean
Zazpi hilabete igaro dira istriputik, eta oraindik bizitza berrira egokitzeko prozesu luzean dago. Hasierako asteak bereziki zailak izan zirela aitortu du, eguneroko ohiturak eta etorkizunerako zituen asmoak bat-batean erabat aldatu baitzitzaizkion. "Bizitza segundo batean aldatu zait", dio. Egoera berria barneratzeko denbora behar izan duela aitortu du: "Hilabetez hilabete, pixkanaka, buruak asimilatzen du zer gertatu zaizun".
Besteengandik ikasiz
Gertatutakoa onartzea ez zitzaion erraza egin. Horretan lagungarria izan zaio Toledoko ospitalean antzeko lesioak dituzten beste paziente batzuk ezagutzea. "Zorte txarra izan dut, baina horren barruan zorte ona ere badudala uste dut", aitortu du. Beste pazienteekin hitz eginez, egoera berriari aurre egiteko asko ikasi duela dio. Familiaren eta lagunen babesa ere funtsezkoa izan da prozesu osoan. Aretxabaletatik Toledora joaten zaizkio bisitan, eta haiekin egoteak ospitaleko egunerokotasunetik aldentzeko aukera ematen dio. Herriko kontuak entzutea, elkarrekin barre egitea eta bestelako gaiez hitz egitea eskertzen du bereziki.
Hasierako asteak bereziki zailak izan ziren, eguneroko ohiturak eta etorkizunerako asmoak bat-batean aldatu baitzitzaizkion
Errehabilitazio lana
Toledoko ospitalean errehabilitazioak hartzen du Larrinagaren egunerokoaren zatirik handiena. Terapia okupazionaleko saioetan eskuetako eta eskumuturretako mugikortasuna lantzen du, eguneroko jardueretan ahalik eta autonomia handiena lortzeko. Fisioterapian, berriz, sorbaldak, bizkarra eta besoetako muskuluak indartzen ditu, hainbat ariketa fisiko eginez.
Bitartean, bizikleta egokituak aukera berriak eskaintzen dizkio. Entrenamendu bakoitzean besoetako indarra lantzen du, distantzia gero eta luzeagoak egiteko prestatzen da eta, batez ere, gustuko duen jarduera batez gozatzen du. Oraindik ez daki noraino iritsiko den, baina ez du presarik, eta egunez egun haren gaitasunak hobetzen jarraitu nahi du. Etorkizunean beste kirol egokitu batzuk probatzeko aukera ere hor dago. Istripuak kirola egiteko modua aldatu dio, baina ez kirolarekiko zaletasuna. Orain, esku bizikletan aurkitu du zaletasun horri eusteko bidea, baita egunerokoari ilusioz heltzeko beste arrazoi bat ere.
Herri osoaren babesari "eskertuta"
