Basotxo erretiratuen elkarteak Aste Kulturala agurtu du gaur, egubakoitza, urriak 30, Karmele Igartua aretoan egindako jaialdiarekin. Aretoa goraino bete da. Basotxoko kideek areto-dantzekin eman diote hasiera saioari, eta, ondoren, idazketa tailerrean egindako lanak ezagutzeko aukera izan dute ikusleek. Euskal dantzen txanda iritsi da gero: Patacake Polka eta Txapeloaz dantzak eskaini dituzte. Hala, urtean zehar elkartean egiten dituzten jarduerak jendaurrean erakusteko aukera izan dute erretiratuek.
Bi kideri aitortza
Arratsaldeko une berezietako bat Mari Carmen Gutierrezi eta Jose Ramon Quintanillari egindako omenaldia izan da. Gutierrez elkarteko dantza taldeko kidea da, eta Quintanilla, berriz, Basotxo abesbatzako zuzendaria. Elkartearen kultur jardueretan egindako lana eskertu diete biei.
Horrez gain, Aste Kulturalean egindako jarduerak jasotzen dituen bideoa erakutsi dute. Jaialdiari amaiera emateko, txokolatea hartu dute bertaratutakoek.