Kepa Errasti: "Bizi izateko eta maitatzeko modu ezberdinak aldarrikatzen ditugu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Kepa Errasti Aretxabaletako aktorea. Adrian Hernandez

Kepa Errastiren (Aretxabaleta, 1981) Xake produkzioak konpainiak sortu duen Sidari antzezlana Aretxabaletako Arkupe Kultura etxean izango da bihar, zapatua, 20:00etan ikusgai; sarrera guztiak agortuta daude.

Irailean estreinatuta, zelako bidea ari zarete egiten?

Oso pozik gaude orain arte jasotako feed back-arekin. Bira polita dugu aurretik, esaterako, abenduaren 19an Arrasateko Amaia antzokian izango gara.

Aretxabaletan bi emanaldi izango dira, atzokoa eta biharkoa, eta bietan sarrerak agortuta; pozik?

Jaioterrian antzeztea beti da polita, hortaz, gogotsu, nago biharko ere. Aurreikusten genuen Aretxabaletan emanaldi bakarra ez zela nahikoa izango eta pozik gaude bietarako sarrerak agortu direlako.  

Tren baten kokatutako istorioa da.

Hala da; bikote moduan zortzigarren urteurrena ospatzeko Europan zehar Interrail bidaia egitea erabaki dute Jokin (Hodei Arrastoa) eta Jonek (Iholdi Beristain). Harremanean momentu ezberdinean daude: Jokin oso gustura dago, baina Jonek zalantzak ditu. Bikote edadetu batekin egingo dute topo trenean eta Korfu uhartean dagoen Sidari hiriko Maitasunaren kanalera joateko aholkatuko diete bidaia-lagunek. 

Hortik abiatuta, komedia eroa dela diozu; zer kontatzeko gogoz?

'Zer da maitasuna?' galdera du istorioak oinarri. Maitasuna, baina, zentzu zabalean, hau da, bikote-maitasunaz gain, lagunarteko maitasunari ere tokia eginda. Bidelagunak ondo aukeratzeari buruz jarduten dugu. Egungo gizarteak bikotean bizitzera bultzatzen gaitu, eta bizitzeko modu ezberdinak aldarrikatzen ditugu istorioarekin. 

Sidari antzezlanaren une bat. Argazkia: Adrian Hernandez.

Zuk idatzi duzu gidoia, baina Getari Etxegarairen laguntza izan duzu.

Nire bizipenetatik eta emozioetatik sortu izan dut askotan eta hala izan da oraingoan ere. Nigandik gertu ez dagoen pertsonaia bat, hau da, muturreko pertsonaia bat antzeztea gustatuko litzaidakeela esan nion halako baten Getariri eta hortik abiatuta, bikote heldua etorri zitzaidan burura eta Getari oso aproposa ikusten nuen bikotekidea antzezteko. Bada abiapuntu horrekin idatzi nuen istorioa eta Getarik eta biok eman genion gero forma. Elkarren osagarri gara, artistikoki eta baita pertsonalki ere eta bion eskua ikusten da egiten ditugun lanetan eta baita Sidari-n ere.

Bi aktore gazte dituzue Getarik eta biok taularen gainean alboan.

Hala da; Batetik, Donostiko TAE antzerki eskolatik ezagutzen nuen Iholdi, bere irakaslea izan nintzen, eta bestetik, bizitzan gertatzen diren kasualitate horietako baten bitartez Bartzelonan ezagutu nuen Hodei eta geroago elkarrekin hainbat lan egiteko aukera izan dugu. Besteek ez zuten elkar ezagutzen, baina argi nuen talde on bat osatuko genuela laurok, eta hala izan da, lan-giro itzela dugu.

Sidari-z gainera, ze beste proiektu dituzu eskuartean? 

Askotarikoak, udazken zoroa ari da izaten. Desagertuta telesaileko grabaketak bukatu ditut asteon eta une honetan Aitziber Garmendia, Jose Ramon Soroiz eta Sara Cozar zuzentzen ari naiz Txalo Produkzioak-en Bi palillo eta karabina bat lanean; urtarrilean estreinatuko dugu Arriaga antzokian. Era berean, laster Ttanttaka Teatroren Elkarrekin berriz izeneko obraren entseguei helduko diegu; Kimetz Etxabe eta biok ari gara aktore lanetan eta Maite Larburu biolinista ere gurekin da. Lanpetuta, baina oso pozik nago!

Besarkada Sarietarako bi izendapen ditu Errastik

Euskal Aktoreen Batasunak azaroaren 16an banatuko dituen Besarkada sarietarako izendapen bana du, Maspalomas filmarekin eta Desobedienteak 18/98

antzezlanarekin. "Kontraesanak sortzen dizkidate sari batzuek, baina ezin dut ukatu oso pozik nagoela jaso ditudan izendapenekin; egindako lanaren aitortza dira".

Kepa Errasti, Desobedienteak 18/98 antzezlanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak