Lizitazioa prestatuta zuela iragarri du Udalak eta argitaratzeko zela CSICeko Ingurumen Diagnostiko eta Uraren Ikerketen Institutuaren (IDAEA) azterlan bat ezagutu zuela: "Azterlan horrek ondorioztatzen du haur parkeetan orain arte erabili izan diren kautxuzko zoruetan konposatu toxikoak egon daitezkeela".
Horregatik, lizitazioaren argitalpena etetea erabaki dute, eta hainbat teknikariri eta enpresari kontsulta egin diete: "Segurtasun-araudiak erorikoen kolpeak arintzeko eskatzen dituen lur motelgarrietarako aukerei buruz galdetu diegu".
Jasotako aukerak aztertzen dihardu Udalak orain, besteak beste, kortxoan oinarritutakoak, eta informazio gehiagoren zain dago. Adierazi dute lizitazioaren baldintzek kontuan hartuko dituztela "bai materialen toxikotasuna, bai erorikoen aurkako babesa".