CVL enpresaren 90 urteko historia liburu batean jaso du Maider Garaik

Oier Zumarraga Aranburu

Maider Garay, Eraikitzen duen historia liburuarekin. 

Enpresako dokumentuak, argazkiak eta langileen testigantzak bildu ditu, CVLren ibilbidea eta Aretxabaletarekin izan duen lotura plazaratzeko.

Cerrajera Valle de Leniz (CVL) enpresaren 90 urteko historia liburu batean jaso du Maider Garai aretxabaletarrak, enpresaren urteurrenaren harira. Olaia Elkoro zuzendariaren proposamenetik abiatuta, barne-komunikaziorako txosten labur bat izatekoa zena liburu bihurtu da, azkenean, ikerketa eta dokumentazio lan sakonaren ondoren. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako lanak 1935ean Durana kaleko oilategi batean sortutako enpresaren bilakaera jasotzen du, bertan lan egin duten pertsonen bizipenak eta Aretxabaletarekin izandako lotura ere azaleratuz.

Dokumentuak eta oroitzapenak

Enpresako aktak, idazkiak eta bestelako agiriak aztertu ditu Garaik, baita Aretxabaletako udal-artxiboko dokumentuak ere, Aitor Antxiaren laguntzarekin. Jose Ramon Intxauspek utzitako argazkiak eta langileen testigantzak ere baliatu ditu, datu historikoei eta bizipen pertsonalei erreparatzeko.

Liburuan leku berezia dute hamabi sortzaileek eta haien emazteek. Garai zailetan, sortzaileek irabaziak enpresan berrinbertitzen zituzten, lantegiak aurrera egin zezan. Bitartean, emakumeek lantegiko lurretan baratzeak lantzen zituzten, familiak mantentzeko. "Enpresan eta etxean egindako ahalegina lotuta zeuden", azaldu du Garaik.

Herriaren memoria

CVLren historia Aretxabaletako industria historiari estu lotuta dago. Belaunaldi askotako herritarrek egin dute lan bertan, eta akziodunek herrian jarraitzearen alde egin zuten enpresa kanpora eramateko aukera izan zutenean. Liburuak 2006an Arbizelaira egindako lekualdaketa garrantzitsua ere jasotzen du.

Garairen ustez, historia ikertzeak urteurreneko oroigarri bat egiteaz haragoko balioa du. Bildutako esperientziak langile berriei enpresa ezagutarazteko eta bezeroei haren ibilbidea erakusteko erabil daitezke. Gainera, iraganeko erabakiak eta berrikuntzak ezagutzeak gaur egungo erronkei aurre egiten ere lagun dezake. Testigantzak garaiz jasotzearen garrantzia ere azpimarratu du, oroitzapenak gal ez daitezen. Liburua langileengana, haien familiengana eta herritarrengana iristea nahi du, eta Aretxabaletako liburutegian ale bat uzteko asmoa du. Beste enpresa batzuek ere beren historia jasotzeko pausoa ematea gustatuko litzaioke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak