Udal Gobernuak berretsi egin zuen "ezinbestekoek" bakarrik izango dutela igoera. Uraren eta hondakinen tasak eta ibilgailuen zergak izoztu egingo dituzte; ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ/IBI) %2,5 igoko dute; eta udal tasa txikiek –kiroldegiko abonuek, esaterako– %3,1eko igoera izango dute. Gainera, zerga eta tasa horiek zatika ordaintzeko aukera izango da, herritarrek hala eskatuz gero. Bestetik, hobariak aplikatzeko taula bakarra ezartzea onartu zuten zerga eta tasa guztietarako.
EAJ bat etorri zen proposatutakoarekin: "Zaborraren eta uraren kostuak estaltzen badituzte gaur egungo kopuruek, ez dago zertan igo". Dena den, epe luzera begiratu behar dela aipatu zuen: "Aurrekontuan ikusi beharko da orain egindako ahalegin horren eragina".
Horrez gain, 2027rako egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalari hasierako onarpena eman zioten. Erabaki zuten nekazari-turismo eta ostatuei baxuena aplikatzea eta etxe turistikoei kopuru handiena.
LGTBIQA+ estrategia
Behin LGTBIQA+ diagnostikoa eginda azken urtean, estrategia zehaztu gura du orain Udalak hurrengo urteetara begira. Hala azaldu zuen Berdintasun zinegotzi Ainhoa Sanchez Garciak. Hori onartu zuen udalbatzak aho batez eta orain datozen bi urteetarako ekintza plana zehaztuko dute.