Baserrietako emakumeen hitzak jaso nahi dituzte 'Zintak' proiekturako

Oier Zumarraga Aranburu

Itsaso Pagoagak eta Katalin Antxiak baserri-auzoetako emakumeen bizipenak eta jakintza bildu nahi dituzte proiektu feminista garatzeko

Itsaso Pagoaga eta Katalin Antxia Aretxabaletako landa-eremuko emakumeekin harremanetan jartzen hasi dira, Zintak proiektuan haien bizipenak eta jakintza jasotzeko. Adin guztietako emakumeen testigantzak bildu nahi dituzte herriko bederatzi baserri-auzoetan. Garai bateko baserriko bizimodua izango dute hizpide: eguneroko lanak, gauzak aprobetxatzeko eta berrerabiltzeko moduak eta, bereziki, jantziekin lotutako oroitzapenak. Emakume bakoitzarekin tertulia giroko elkarrizketa bat egitea da asmoa, haren bizipenak eta oroitzapenak jasotzeko.

Baserrietako memoria

Zintak egitasmoak Aretxabaletako lehen proiektu feministen sormen beka jaso zuen. Baserrietako jantzi zaharretatik tomate-landareak lotzeko ateratzen ziren oihal-zintak ditu abiapuntu, emakumeen lanari, zaintzari, bizimoduari eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzari erreparatzeko. Parte hartu nahi dutenak Itsaso Pagoagarekin edo Katalin Antxiarekin jar daitezke harremanetan, baita atxabaltakozinttak@gmail.com helbidera idatzita ere. Bildutako testigantzak proiektuaren parte izango dira, eta azken emaitza 2027ko irailean aurkeztuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak