Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu du Jon Sarasua

Eneko Azurmendi Barrena

Jon Sarasua soziolinguista aretxabaletarra, Iruñeko osoko bilkuren aretoan. (Argazkia: Euskaltzaindia).

Mikel Zalbideren hutsartea beteko du soziolinguista aretxabaletarrak. Izendapenaren ostean, zortzi hilabeteko epea du sarrera-hitzaldia prestatzeko.

Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, egubakoitza, Iruñeko udaletxean egin duten iraileko osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Mikel Zalbide emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Jon Sarasuak erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. 

Zalbide emeritu izatera igaro zen maiatzaren 9an, 75 urte bete baitzituen egun horretan Donostiako hizkuntzalariak, eta hilabete horretan bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra zegoen, Sarasua bera, eta hura izendatu dute euskaltzain oso.

Orain, zortzi hilabete izango ditu sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe bera izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldia egingo dute.

102 euskaltzain oso

102 euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 13 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia.

Euskaltzain osoen zerrenda honako hau da: Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman, Irene Arrarats, Miren Azkarate, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Jean-Baptiste Coyos, Jon Casenave, Asun Garikano, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Miren Agur Meabe, Alfontso Mujika, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Jon Sarasua, Castillo Suárez, Pello Salaburu, Ana Toledo, Andres Urrutia eta Miriam Urkia.

Emerituak, berriz, honako hauek dira: Andres Alberdi, Jean-Louis Davant, Patxi Goenaga, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Mikel Zalbide eta Patxi Zabaleta.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak