Euskaltzain oso izateko hautagai da Jon Sarasua

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 24a

Jon Sarasua Maritxalar.

Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egin den osoko bilkuran aurkeztu da hautagaiaren izena gaur, egubakoitza. Hala, irailaren 25eko osoko bilkuran jakingo da Mikel Zalbide euskaltzain emerituaren lekua Jon Sarasuak hartuko duen ala ez.

Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egin den osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu dute euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Jon Sarasua soziolinguista eta euskaltzain urgazlearena. Maiatzaren 29an, Baionako Herriko Etxean egin zen osoko bilkuran zabaldu zuten Mikel Zalbideren lekua hartzeko hautagaiak aurkezteko epea.

Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966) Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Informazio Zientzietan doktorea, 28 urtez jarraian irakasle titular izan da Mondragon Unibertsitatean (1998-2026).Kooperatibagintza arloan, munduko ekonomia sozialaren arloan, munduko hizkuntza gutxituen arloan eta euskal kulturgintzaren arloan hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da Sarasua, 2007. urtetik 2026ra, eta Garabide elkarteko zuzendaritza-taldeko kidea da, 2006tik.

Dozenatik gora liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu bakarka edo elkarlanean. Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroan. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da 2021etik, eta Euskararen Gogoetagunearen koordinatzailea 2022tik aurrera. Mintzola proiektuaren zuzendaria ere bada, Eñaut Agirrerekin batera –2022tik aurrera–, eta Herri-kulturgintzari buruzko ikerketa proiektuaren eratzaile eta haren arduraduna 2025etik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak