Bi atxilotu Aretxabaletan, zuhaitz eremu batean 300 marihuana landare aurkitu ostean

Koldo Zubia Salas

Ertzaintzak Aretxabaletako baratze gune batean aurkitutako marihuana saila. Irudia: Ertzaintza. 

Ertzaintzak 36 eta 26 urteko bi gizon atxilotu ditu Aretxabaletan, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Patruila batek aurkitutako marihuana sail batean zeuden bi atxilotuak, iristea zail den baso batean.

Atzo arratsaldean –20:00ak aldera–, Deba Urolako Ertzain-etxeko patruila batek Aretxabaletako baratze batzuen inguruak miatu zituen, marihuana usain handia zela eta.  Hesiz inguratutako hainbat baratze zeharkatuta, baratze eremutik irteten ari ziren bi gizonekin egin zuten topo ertzainek, eta haiek ere marihuana usaina zutela iruditu zitzaien.

Hasierako miaketan, 50 landare inguru aurkitu zituzten, bi negutegitan. Ondoren, inguruko baso batean, zuhaitzez inguratuta zegoen beste landaketa bat aurkitu zuten. Bertan, 200 marihuana landare baino gehiago zeuden, loraldi betean. Guztira, beraz, 300 landare inguruko landaketa atzeman zuten. Gainera, Ertzaintzak landareak ureztatzeko instalazio bat aurkitu zuen. Sistemak mila litroko hainbat bidoi zituen, eta landareak zaindu eta hazteko erabilitako ongarri-poltsak ere bai.

Ertzaintzak bertan zeuden bi gizonak identifikatu eta atxilotu zituen, marihuana landaketaren arduradunak zirelakoan. Atxilotutakoetako batek 36 urte ditu eta; besteak, 26 urte. Bi atxilotuak Bergarako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dituzte, Ertzaintzaren eginbideak amaitu ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak