Zeanuriko Barazar baserrira joan da IV. Tomate Lehiaketako lehen saria

Idoia Aranbarri Arzuaga

Hamargarrenez ospatu dute gaur Aretxabaletan Tomatearen Eguna, eta egitarauen baitan egin dute IV. Euskal Herriko Bertako Tomate Lehiaketa. Debagoienetik izan du lehen sariak, izan ere, Zeanuriko Barazar baserriko Jagoba Astondoak eta Barbara Alonso bergararrak aurkeztutako Arratiako zekorra tomatea nagusitu da. Halaber, Aretxabaletako eta Mendigorriko tomateen senidetza hitzarmena sinatu dute bi Udalek.

Goizean goizetik hartu du protagonismoa tomateak Aretxabaletan. 10 urte bete ditu Tomatearen Egunak, eta Tomatearen erakusketaz eta bertako produktuen azokaz eta hazien eta sukaldatze tailerraz gozatzeko aukera egon da plazan nahiz Durana kalean.

Lana izan dute Tomate Lehiaketako Maider Larrañaga, Josema Azpeitia, Aitor Buendia eta Iñaki Aierbe epaimahaikideek; izan ere, 96 tomate ezberdin dastatu eta kalifikatu behar izan dituzte. Azkenean, Zenauriko Barazar baserriko Jagoba Astondoa eta Barbara Alonso bergararraren Arratiako zekorra tomatea izan da irabazlea. Ez zuten espero irabazleak izaterik. Hirugarren urtea dute Tomate Lehiaketan parte hartu dutenak, eta tomate irabazleaz gain, Maritxu Tomatea eta Aretxabaletakoa ere ekarri dituzte. "Egia esan, tomate txikia da, baina ahora sartzean sekulako leherketa egiten du. Epaileei zorionak eman nahi dizkiet. 96 tomate egon dira, eta horien artean bat erabakitzea, niretzat oso zaila izango litzateke", azaldu du Astondoak.

Aretxabaletako onena, berriz, Juan Pedro Santos izan da. Lehendabiziko hirurak saritu dituzte, eta laugarrenetik seigarrenera geratu direnek oroigarria jaso dute. Honela geratu da sailkapena:

  1. saria:  Barbara Alonso eta Jagoba Astondoaren, Arratiako zekorra tomatea.
  2. saria: Juan Pedro Santosen, Zaragozako tomatea.
  3. saria: Juan Pedro Santosen, Aretxabaletako tomatea.
  4. saria: Jose Antonio Gardoki. (Aretxabaletako onena).
  5. saria: Jesus Zabaleta Inza.
  6. saria: Alejandro Ulecia Garcia.

Urtetik urtera jende gehiago etortzen da, tomate lehiaketan ere igarri dugu gorakada nabarmena parte-hartzaileen artean eta bariateen artean.

Senidetza hitzarmena

Antzinako tomateak babestearen aldeko interesak elkartu ditu Nafarroako Mendigorriko Udala eta Debagoieneko Mankomunitatea, eta senidetzea erabaki dute Mendigorria eta Aretxabaleta izeneko barietateak bultzatzeko asmoarekin eta horiek ez galtzeko helburuarekin. Hitzarmenaren sinadura irudikatu zuten joan den astean Mendigorrin, eta gaur, eguerdian sinatu dute ofizialki senidetza.

Aretxabaletako alkate Gari Iturbek adierazi du, bi barietateak uztartzea nahi dutela akordioarekin eta elkarrekin hauspotzea bi tomate horiek: "Gutxienez, urtero, ekintza bateratu bat egingo dugu eta horrekin ere pozik gaude Mendigorria hobeto ezagutzeko aukera ere ematen digu-eta". Mendigorriko alkate Jon Erro etorri da Aretxabaletara hitzarmena sinatzera eta azaldu du, senidetza honek indar metaketa bat sortuko duela bi barietateak sustatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak