Egunerokotasuneko kontuei kantuan Orei taldearen estreinako diskoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Aretxabaletako Orei musika taldea. Argazkia: Jon Ander Alberdi Barnes

Aretxabaletako laukoteak zortzi abesti dituen Orei lana argitaratu du gaur, egubakoitza.

Pandemia garaian hasi ziren Andoni Lapuerta Quintanilla baxu-jolea, Iker Martinez de Agirre Mendia bateria-jolea eta Jon Ander Alberdi Barnes gitarra-jolea musikaren bueltan elkartzen, eta geroago batu zen Idoia Sanchez Garcia abeslaria eta gitarra-jolea, eta hala sortu zuten Aretxabaletako kuartela egoitza duen Orei taldea. "Helburu zehatzik ez daukagu; besterik gabe, musika talde bat izateaz gozatu eta horrek ematen dituen esperientziak bizitzea, kontzertuak, grabaketak edo dena delakoa", azaldu dute taldekideek.

Zortzi rock kantu batuta

Estreinako diskoa argitaratu dute gaur, egubakoitza, Asel Errastiren gidaritzapean kuartelean grabatutakoa. "Nahasketa eta masterizazioa ere hark egin ditu. Abendu amaieran ekin genion grabaketari, eta poliki-poliki joan ginen guztia osatzen, presarik gabe. Pozik gaude emaitzarekin, eta oso eskertuta Aselen lanarekin, eman dion mimo eta eskainitako denbora guztiagatik. Bi bideoklip ere egin ditugu: Sua Itzaltzen denean kantuarena lehenengo eta uztailean Otala Zelain Ekaitz Zilarmendiren eta Julene Rosadoren laguntzarekin grabatu genuen Printzak abestiarena". 

Euskaraz abestutako zortzi kantu batu dituzte lanean. "Musika estiloari dagokionez, ez dakigu, taldekideon gustu eta eraginen nahasketa bat dela iruditzen zaigu; azken finean, entzuten dugun musika hartzen dugu erreferentzia moduan inkontzienteki, eta konposatzerako orduan antzematen da. Oinarrian rock musika dela esango genuke, batzuetan stoner ukitu batzuekin. Hitzei dagokienez, "egunerokotasunean ikusten eta bizitzen" duten kontuen inguruan idazten dutela gaineratu dute: "Kritikatik, arduratik edo errekonozimendutik idatzitako hitzak dira, orokorrean. Abestiak bukatzen joan ahala ikusi genuen kutsu ilun moduko bat zutela denek, eta mezu positibo bat emango zuen kantu bat ere sartu behar genuela pentsatu genuen. Hortik dator diskoaren diseinua, ingurune ilun batean egonda ere zutik dirauen zuhaitza erakusten duena". 

Formatu fisikoan eta digitalean

"Sortutakoa esku artean edukitzeko gogoz", CD formatuan argitaratu dute. Aretxabaletako Urbaltz tabernan eta kontzertuetan egongo da eskuragarri, hamar eurotan, eta plataforma digital guztietan ere bai. 

Gogotsu daude jendaurrean aurkezteko: irailaren 11n, herriko Karmele Igartua aretoan izango dira; eta irailaren 18an, Eskoriatzako Errekan Gora jaialdian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak