UDAk tonbola solidarioa jarri du martxan Jokin Larrinagari eta familiari ekonomikoki lagundu ahal izateko. Asteburu honetan hasita, errifak erosteko aukera izango da domekan, Tomate Egunean, 11:00etatik 13:00etara, UDAren lokalean. Datorren asteburuan, ordea, Ikazkin Trailen ere jarriko dituzte salgai. Zozketa irailaren 13an egingo dute, Ibarra futbol zelaian, UDAk Beasainen aurka jokatuko duen partidako atsedenaldian. Bildutako dirua Larrinagaren errehabilitazio prozesuan eta familiaren beharrei erantzuten laguntzeko erabiliko dute.
Errifez gain, diru ekarpenak egiteko aukera ere egongo da. Uztail amaieran abiatutako crowdfunding kanpainaren ondoren, Jokini eta haren familiari laguntzeko beste bide bat izango da tonbola solidarioa. Irailaren 13koa elkartasun unea izatea nahi du UDAko zuzendaritzak, eta egun berezia prestatzen ari dira.