Jokin Larrinaga Aranburu 22 urteko gazte aretxabaletarrak istripua izan zuen martxoan, eskiatzen, eta lesioa izan zuen bizkarreko-muinean. Zaragozako ospitalean egon zen hasieran eta egun, Toledoko Espainiako Paraplejikoen Ospitale Nazionalean dago, errehabilitazio hartzen. "Egoera honek familiarentzat esfortzu ekonomiko handia eskatzen du. Horregatik, denon artean lortutako diruarekin bere errehabilitazioa hobea izatea lortuko dugu. Seguru baietz! Ekimen honetan parte hartzea eskertuko genizueke. Edozein ekarpen ongi etorria izango da", adierazi du UDAk sare sozialen bidez.
24.000 eurotan jarri zuten muga bilketa abiatzerakoan baina ordu gutxiren buruan kopuru horretara iristear zela ikusita igotzea erabaki zuen UDAk, eta gaur, uztailaren 31, 100.000 eurotan zehaztu dute; eguerdirako, 80.000 eurotik gora zituzten batuta.