Andramaixetako ohiko elementuetako bat da sokamuturra, baina aurten egoera nahasi xamarra bizi izan da Durana kalean. Urteroko legez zaletuak kalera hurbildu dira sokamuturra ikusi, eta nola ez, bertan parte hartzeko asmoarekin. Hala ere, 18:30ak jo dituztenean ez da inolako zezenik jaitsi furgonetatik. Dirudienez, ez da anbulantziarik bertaratu ekitaldira eta horrek ezineko egin du sokamuturra martxan jartzea, bertaratu diren aretxabaletarren harridurarako.
Jai giroak etenik ez
Anbulantzia heldu bitarte, jendeak ez du jai giroa galdu eta dantzak zein kantuak ikusi ahal izan dira Durana kalean. Benetako zezenen faltan, zezen faltsu batek ere hartu du kalea. Azkenean, 19:30etarako bertaratu da anbulantzia, eta motz baldin bada ere, zaletuek izan dute sokamuturraz gozatzeko aukera. 20:00etan amaitu da ekitaldia, ekitaldia ordu horretara arte zegoelako aseguratuta.