Ekhi Uriarte arabarra izan da indartsuena Aretxabaletako helmugan

Koldo Zubia Salas 2026ko abuztuaren 16a

BBK-Euskadi taldeko Ekhi Uriarte amurrioarrak bakar bakarrik helmugaratuta irabazi du Leintz Bailarako itzuliaren 87. edizioa. Bere atzetik, zortzi segundora 22 txirrindulariz osatutako multzo bat helmugaratu da, Smartlog Nest taldeko Ethan Cabanillas eta BBK-Euskadiko Aimar Galdos izan dira talde horretako azkarrenak. 

Afizionatu mailako egutegian tradizio handienetakoa duen Leintz Bailarako itzuliaren 87. edizioa jokatu da gaur, Aretxabaletan. Manolo Zubillagaren omenez jokatu den lasterketan, 115 kilometroko ibilbideari egin behar izan diote aurre, irteeran izan diren 167 txirrindulariek, tartean Gatzagako mendatea birritan igota.

Hasieratik ihesaldi saiakerak izan dira pelotoian, eta horretarako baliatu dute Gatzagako lehen igoera; Ismael Goñik (Finisher-Kern Pharma), Lohann Vulliezek (Eulen-Amenabar), Pablo Osoriok (Cortizo) eta Josu Odriozolak (Smarlog Nest) eskuratu dituzte mendiko sarirako puntuak. Aretxabaletako lehen pasaeran berriz, Lucas Muzas (Kapelmuur-Hermitage) eta Marti Castaño (CCLleida dpedros) igaro dira ihes eginda pelotoiarekiko 45 segundo inguruko abantailarekin. Atzetik ordea, Cortizo taldeak hartu du erantzukizuna eta ihes egin dutenek ez dute askorik iraun lasterketa buruan.

Arlabaneko jaitsiera, erabakigarria

Gatzagako bigarren igoeran piztu da berriro ere sua pelotoian. Lau txirrindularik egin dute ihes aldapa gora, garaipena lortu duen BBK-Euskadi taldeko Ekhi Uriarte tartean. Berarekin batera, Aimar Quintana (Eiser-Hirumet), Igor Iriarte (Eulen-Amenabar) eta Angel Marugan (El bicho- Plataforma Central). Uriarte bera izan da mendate pankartatik aurrena pasatu dena, eta berak eraman du mendiko sailkapena.

Aurreko edizioak nolakoak izan diren ikusita, esprinta espero zen Aretxabaletan baina Amurrioko txirrindulariak Arlabaneko jaitsiera aprobetxatu du taldetxotik bakarrik ihes egin, eta, tarte txikiarekin izan bada ere, lasterketa irabazteko. Atzetik, 22 txirrindulariren arteko esprintean erabaki dira podiumeko beste bi postuak; Smarlog Nest taldeko Ethan Cabanillasek eta BBK-Euskadiko Aimar Galdosek lortu dituztenak.

Euskaltel Euskadiren harrobiko taldeak, lehen bi postuak eta mendiko saria ez ezik, Lehendakari Txapelketako lidertza ere eskuratu du gaurkoan, Aimar Galdosen eskutik. Bestalde, Aimar Erostarbe oñatiarra izan da bailarako ordezkari bakarra, 104. postuan amaitu du lasterketa, irabazlearengandik 5 minutu pasatxora helmugaratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak