Bi partida jokatu zituzten: lehenengoan, Aritz Zugasti eskoriatzarrak eta Julen Olaizola aramaioarrak jokatu zuten. Eskoriatzarra nagusitu zen (22-16) frontoiko beroak baldintzatutako norgehiagokan. Bigarrenean, Zubia-Elkorobarrutia eta Igartua-Uribetxeberria bikoteak aritu ziren. Show ederra eman zuten bi bikoteek, eta partida estu baten ondoren Unax Igartua eta Jokin Uribetxebarria nagusitu ziren, 22 eta 20. Hala ere, emaitzak gutxienekoa izan ziren Andramaixetako giroa pizteko balio izan zuen jaialdian.
Jaiak hastear
Gaur hasiko dira ofizialki jaiak. Loramendi txistulari taldeak irakurriko du pregoia, txupina jaurtitzearekin batera; 19:00etan izango da hori. Eguerditik hasita ordea, hainbat ekintza izango dira, hala nola, apar-festa eta ur-puzgarriak, gazte bazkaria, XLV. mus txapelketa edo Aretxabaletako erraldoien kalejira.