Musikak protagonismo handia izango du aurtengo Andramaixetan. Abuztuaren 13tik 17ra, denetariko zuzeneko emanaldiak izango dira herriko txoko desberdinetan: herriko plazan, txosnagunean, kalean eta tabernetan. Estilo ugaritako taldeek eta artistek girotuko dituzte herriko jaietako egun eta gauak. Besteak beste, Neomak, Ruper Ordorika, Jon Kass, Su Ta Gar eta Txapela Brava igoko dira Herriko Plazako oholtzara; txosnagunean, berriz, Lukiek, Laino Beltzak, Perlata, Bogside eta Moonshine Wagon taldeek hartuko dute lekukoa, beste askoren artean.
Herriko Plazan, musika estilo askotarikoa
Herriko Plazako kontzertuen artean, Neomaken emanaldia izango da lehenengoetako bat. Folk garaikidea eta musika elektronikoa uztartzen dituen taldeak ikuskizun berezia eskainiko du abuztuaren 14ean. Aurretik, Niña Dioz artista mexikarrak rap emanaldia eskainiko du 22:00etan.
Andramari egunean, berriz, aurkezpenik behar ez duen Ruper Ordorika oñatiar kantautoreak hartuko du oholtza 20:00ean. Hurrengo egunean, Jon Kass taldearen txanda izango da, dantza eta festa uztartzen dituen proposamenarekin. Su Ta Gar taldeak, berriz, igande gauean joko du Herriko Plazan. Andramaixetako azken egunean, 23:00ean Txapela Brava taldeak itxiko du plazako musika programazioa. Rantxerak eta korrido mexikarrak euskal kutsuarekin uztartzen dituen taldeak jai-giroan murgilduko ditu aretxabaletarrak.
Txosnagunean, bertako taldeak eta estilo ugari
Bateratutako txosnagune berriak ere musika eskaintza zabala prestatu du. Andramari bezperan, 22:30ean, Laino Beltzak eta Perlata talde debagoiendarrak arituko dira, eta ondoren DJ Enchantixen txanda izango da. Hurrengo egunean, Erromerixie Atxabaltan, Lukiek eta Izorrai taldeek hartuko dute oholtza 21:30ean, eta ondoren pintxada tematikoa egingo dute. Andramari egunean (21:30), berriz, Maider Mimi, Albina Stardust, Divina Comedia, Tatta eta Kumbialari izango dira protagonista. Hilaren 16ean ere ez eskaintzari faltako: Nhil eta Bogside talde aretxabaletarrak eta House Of Basqueersen Drag Showa izango dira txosnagunean, ondoren pintxada tematikoa ere egingo dute.
Azken egunean, berriz, Moonshine Wagon talde arabarrak, Bixentakek eta Fiachrasen tributuak jarriko die ginga aurtengo jaiei. DJ Fifi eta Fefaren saioek emango dio jarraipena azken gauari.
Kaleak alaitzeko eskaintza
Musika eskaintza ez da, hala ere, oholtzetara mugatuko. Andramaixetan kalean ere izango dira zuzeneko emanaldiak, adibidez, Rockalean taldearen kale emanaldiarekin. Horrez gain, Arlutzen Danel Sarasua bakarlariaren kontzertua eta Urbaltzen Beñat eta Jonflanen emanaldia ere izango dira.