Atxabaltako Txosna Batzordea: txosna bakarra eta berritasun ugari

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko abuztuaren 11

Aretxabaletako txosnetako bat, iaz.

Atxabaltako Txosna Batzorde jaioberriak egitarau zabala prestatu du, eta umore ikuskizuna, gaiteroak zein boleibol txapelketa izango dira aurtengo proposamen berritzaileetako batzuk.

Atxabaltako Txosna Batzordea hasi da bere lehen urratsak ematen herriko gazteen eskutik. Herritarren topagune bihurtzeko asmoz, txosnagune bakarra egongo da aurtengo Andramaixetan. Berritasunak, baina, ez dira espazio bateratura mugatzen. Aurtengo egitaraua herriko beste espazio batzuetara zabaldu nahi izan dute batzordetik ekintza berriekin.

Gaiteroak izango dira aurten txosna alaitzen lehenak. Txupinazoaren ostean, Txosnagunetik frontoiraino egingo dute kalejira, jaien hasiera girotzeko. Ondoren, pilota partidetan ere izango dira, frontoiko giroa alaitzen, eta amaitutakoan kaleetan zehar poteoan ibiliko dira. 

Beste berritasunetako bat abuztuaren 15ean, 19:00etan, egingo diren umorezko bakarrizketak izango dira Ezkutu Tabernaren gaineko plazan . Arratsaldea alaitzeko eta jai giroan murgiltzeko, Asier K, Lide Arregi eta Markel Ramos umoregileek 20 minutu inguruko saioak eskainiko dituzte.

Hilaren 16an, bertso-poteoaren txanda izango da. Libe Goenaga, Aitor Tatiegi, Oihana Arana eta Martin Abarrategi betsolariekin ariko dira herriko tabernetan barrena. 

Bestalde, boleibol txapelketa ere lehenengoz antolatuko dute, sokamuturraren alternatiba gisa abuztuaren 17an, 18:30ean.

Pilota jaialdiari segida, Txosna Batzordetik

Atxabaltako Txosna Batzordeak pilota ere txertatu du aurtengo Andramaixetako egitarauan. Abuztuaren 13an, Iturrigorri pilotalekuan, bi partida izango dira ikusgai: lehenengoan, Aritz Zugasti eskoriatzarrak eta Julen Olaizola aramaioarrak jokatuko dute; bigarrena, berriz, Zubia-Elkorobarrutia eta Igartua-Uribetxeberria bikoteak arituko dira.

Hala, txosnagune bakarrak, ekintza berriak eta egitaraua herriko beste gune batzuetara zabaltzeak emango diote aurten berezitasuna Andramaixetako jai giroari. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak