EAJk prentsa-ohar bidez eman du jakitera desadostasuna. Uretz tabernari dagokionez positibotzat jo dute establezimenduaren funtzionamenduaren lehen urteari buruz egindako balantzea, eta begi onez ikusi plegu berrietan jasotzea 65 urtetik gorako pertsonentzako janari osasungarri eta ekonomikoki irisgarrien eskaintza, "aurreko legealdian bultzatutako zaintza sistemaren oinarriekin bat datorren neurria". Hala ere, talde jeltzalearen ustez, "erabat onartezina" da zerbitzua hilabete eta erdi eta bi hilabete bitartean itxita egon behar izatea, lizitazio berria izapidetzen den bitartean.
EAJren esanetan, egoera hori Udal Gobernuaren "planifikazio faltaren ondorio" da: "Gaur egun taberna ustiatzen duen enpresak garaiz jakinarazi zuen kontratua ez luzatzeko nahia. Saihestu daitekeen egoera da, eta, beraz, herritarrei jakinarazi behar zaie, errealitate hori saihesten saiatzen diren komunikatuak igorri beharrean".
Ilargi plazako proiektuari ezetza
Bestetik, Ilargi plazako proiektura bideratutako kreditu gehigarriaren aurka bozkatu zuen EAJk uztailaren 15eko osoko bilkuran, "Aretxabaletak berehalako erantzuna behar duten lehentasunezko beharrak" dituela iritzita. Horien artean, taldeak nabarmendu du Lausitta auzoko saneamendu eta ur hornidura sareak berritzea, baita eremua erabat berrurbanizatu ere, aurreko agintaldian Santa Kurtz kalean egindako lanari jarraipena emanez.
Talde jeltzaleak adierazi du agintaldi hasieratik dabilela proiektu hori eskatzen, eta Udal Gobernuak atzeratzen jarraitzen duela, "konplexutasun teknikoa" argudiatuta. "Udal baten lehentasunek herritarren benetako beharrei erantzun behar diete, ez proiektu bakoitza gauzatzeko erraztasunari edo zailtasunari. Jarduera batzuk ezinbestekoak dira, denbora gehiegi daramatenak zain, eta uste dugu beste inbertsio batzuen aurretik kokatu behar direla", adierazi du Mikel Uribetxebarriak, EAJren Udal taldearen bozeramaileak.
Osoko bilkura horretan onartutako beste kreditu-sarrera batzuk babestea erabaki zuten, Andra Mari plazako obrak berriro lizitatzeko aurrekontua handitzea eta baratze komunitarioetarako partida, esaterako. "Hala ere, taldeak ezinbestekotzat jotzen du, Andra Mari plazaren kasuan, epeak laburtzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea".
Uribetxebarriak eskatu du Aretxabaletari hobekuntza ekarriko dion guztia babestea, lehentasunak ezartzea eta plangintza zorrotza.