“Memoria demokratikoa berreskuratzen” egindako ekarpenagatik Aldundiaren aitortza jaso dute Lourdes Herrastik eta Paco Etxebarriak

Txomin Madina Milikua 2026ko uztailaren 18a

Donostian, Aieteko Jauregiko lorategian eta 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen eta Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrenaren testuinguruan egindako ekitaldian jaso zuten atzo arratsaldean Herrasti aretxabaletarrak eta Paco Etxebarriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza. 

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen eta Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrenarekin testuinguruan kokatutako ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean Donostiako Aiete Jauregiko lorategian. Bertan, Lourdes Herrasti osteoarkeologo aretxabaletarraren eta Paco Etxebarria antropologo forentsearen ibilbideari aitortza egin gura izan zion Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria demokratikoa berreskuratzen, frankismoaren biktimak ikertzen eta desagertutako pertsonak bilatzen, berreskuratzen eta identifikatzen egindako ekarpen erabakigarriagatik.

"Gipuzkoa eta Euskadi herrialde moderno eta demokratikoa gara, eta gure herrian bizi izan diren bidegabekeriak eta sufrimendua ahaztu ez daitezen lan egiteko konpromisoa dugu", adierazi zuen Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusi Jon Gambrak, eta gaineratu horretan ezinbestekoa izan dela Herrasti eta Etxebarria  bezalako pertsonen lana, "memoria historikoa eraikitzen eta gizarteratzen aitzindari izan direlako". "Giza eskubideak, demokrazia, humanismoa eta zientzia oinarri hartuta, beren ibilbide osoa memoria demokratikoa sendotzen, eraikitzen eta gizarteratzen eman duten bi pertsona dira. Haien lanari esker, gure herriak urrats erabakigarriak egin ditu iraganari begiratzeko eta egia, justizia eta erreparazioa oinarri dituen memoria demokratikoa sendotzeko", adierazi zuen Gambrak. Ekitaldia amaitzeko,  Gipuzkoako gizarte osoaren "esker ona eta aitortzarik zintzoena" helarazi nahi izan zizkien.

Esteka honetan, 2024an Puntua aldizkarian Lourdes Herrastiri egindako elkarrizketa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak