37 urteren ondoren, Pausokak Partzuergoari emango dio lekukoa

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko uztailaren 10a

Pausokako hezitzaileak eta aurtengo haurrak, jolastokian. Irudia: Pausoka

Pausoka kooperatibak azken ikasturtea du aurtengoa. Datorren irailetik aurrera, Haurreskolen Partzuergoak hartuko du 0 eta 2 urte arteko zerbitzuaren ardura Aretxabaletan, eta 37 urteko hezkuntza proiektu bat amaituko da.

Belorrietako eraikina obretan dago. Hormak zabalik, patioa makina artean eta bulegoetan azken ikasturteko tramiteak amaitzen. Irudiak badu sinbolismorik: 37 urte iraun duen proiektu baten amaiera dakar, eta, aldi berean, etapa berri baten hasiera. Aro berri horrekin, Pausoka kooperatiba desagertu egingo da datorren ikasturtetik aurrera, nahiz eta bertako hezitzaileek lanean jarraituko duten, Haurreskolen Partzuergoaren barruan bada ere. Eraikina eta izena bera izango da; eredua, ordea, bestelakoa. "Ez da gure erabakia izan", hala laburbildu dute egoera Olaia Urzelai, Amaia Aizpurua eta Jaione Zugasti kooperatibako bazkideek. Egoera nostalgiatik bizi duten arren, orain arte egindako bide luzeaz harro-harro daude. 

Aizpuruak eta Zugastik abiatu zuten proiektua, 1989an. Handik gutxira Juxe Zuazua eta Maite Ortiz de Zarate batu zitzaien. Behat bati erantzutera zetozen: Aretxabaletan 0-3 urte arteko haur eskolarik ez zegoen. Eskarmentu gabeko baina ilusioz betetako egitasmoari forma ematen hasi ziren elkarlanean. Udalak hasieratik sinetsi zuen egitasmoan, eta, Pedro Mendieta alkatearen babesarekin, Otalora kaleko guardia zibilen kuartel zaharra egokitu zuten, lehen egoitza izan zedin. Hasieran, boluntarioen laguntzarekin eta obra xumeekin moldatu behar izan zuten espazioa. Baliabide gutxirekin, matrikulazioa egiteko etxez etxe ibili ziren proiektua familiei azaltzen. Lehen ikasturteari zortzi umerekin ekin zien. Kuartela, ordea, ez zen Pausokarena bakarrik izan. Guardia Zibila joan, eta herriko gazteek eraikina okupatu zuten, eta gaztetxea martxan jarri. Azkenean, Udalak beheko solairua bitan banatu zuen: alde batean haur eskola eta bestean gaztetxea; bi proiektuek elkarrekin biziraun behar izan zuten. "Eskola-gaztetxea zen hura", gogoratu dute garaiko irakasleek, irribarrez. 

Eraikin berria, erronka berriak

Urteak pasa ahala, ume gehiago iritsi ziren eta kuartela txiki geratzen hasi zen. Gainera, 0-3 zikloa arautu zuen dekretuak ezarritako baldintzak ez zituen eraikin zaharrak betetzen. Horrek beste mugarri bat ekarri zuen: 2002an Belorrietara lekualdatzea. Gizabidea Fundazioak eraikin berria prestatu zuen, eta Udalak haur eskola zerbitzua Pausokari esleitzen jarraitu zuen lizitazio bidez. Ordutik hona, etenik gabe kudeatu dute zerbitzua. "Lau pisuko eraikin handi batera etortzea bertigo handia izan zen", aitortu dute. Hala ere, aldaketa une egokian iritsi zela diote; izan ere, baby boom-arekin batera, matrikulazioak gora egin zuen nabarmen. Garairik oparoenean 105 haur eta 22 langile izatera iritsi ziren lan taldean.

Gaur egun, orotara, hamahiru langileko lan talde du. Hala ere, zenbakiek baino gehiago, harremanek definitu dute Pausoka. Langileek behin eta berriz errepikatu dute urte hauetan familiarekin eraiki duten konfiantza izan dela euren balio erantsia. "Gurasoak umea lasaitasunez utzi eta lasaitasunez lanera joatea nahi digu". Etxeko giro hori sortzea izan da helburua, eta uste dute hori dela urte hauetan guztietan herritarren babesa ekarri dien arrazoietako bat.

Belaunaldi osoak pasa dira bertatik, eta gaur egun guraso diren asko haiek zaindutako haurrak izan ziren garai batean. "Liburu bat idazteko adina anekdota dauzkagu", diote. Urteotan aldaketak ere nabarmen sumatu dituzte. Lehen, amak izaten ziren ia beti ume bila etortzen zirenak; gaur egun, aitak gero eta gehiago ikusten dituzte atean: "Zaintzaren pisu handiena oraindik amen gain badago ere, aldaketa nabaria da".

Beste eredu baterantz

Aldaketa handiena, ordea, orain dator. Eusko Jaurlaritzak udal haur eskolen finantzaketa etetea erabaki zuen eta Haurreskolen Partzuergoan sartzeko aukera eskaini zien udalei. Aretxabaletan, Udalak, Pausokak, Kurtzebarri Eskolak eta Arizmendi Ikastolak hainbat bilera egin ostean, Partzuergoaren alde egitea adostu zuten. Horrela, datorren ikasturtetik aurrera, Belorrietako eraikin berean egongo dira Partzuergoaren 0-2 eskaintza eta Arizmendiren 2 urteko gela berria, horretarako egiten ari diren lanei esker. Langileen gehiengoa mantenduko dituzte, eta hori albiste ona dela diote. Pena, ordea, beste nonbaitetik dator: "Beti sinetsi dugu 0-3 zikloa beharrezkoa dela gurean". Horregatik bizi dute saminez zikloaren zatiketa. Kooperatiba desegitearekin batera, harekin urte luzez eraikitako proiektu pedagogikoa ere moztuko da. 

Irakasleek aitortu dute zalantzak ere badituztela etorkizunera begira, Partzuergoaren eskakizunetara egokitu dira hala ere. egutegi eta ordutegi desberdinak zenbait familiaren kontziliazioan eragina izan dezakeela diote.

Agur biribilik ez

Agur biribila eman nahi zioten bide honi, 25. urteurrenean egin bezala, baina oraingo obrek eta azken asteetako lan-kargak ez diete beste aukerarik utzi. Espazio faltak agurra "hotz" samar bihurtuko du, nahiz eta etorkizunean ekitaldiren bat prestatzea ez duten baztertzen. Uztailaren 17an egingo dute urteroko ikasturte amaierako ospakizuna; hori bai, aurtengoak benetako agur-kutsua izango du.

Atzera begiratuta, ordea, pozik daude. Hasieran ideia soil bat izan zena Aretxabaletako belaunaldi askoren haurtzaroko oroitzapenen parte da. Uste dute herrian eta familiengan utzitako arrastoa dela ondarerik handiena. Horregatik, amaiera horrek tristura eragin arren, proiektu baten amaiera suposatzen duelako; aseta eta oso eskertuta itxiko dituzte ateak: "Eskerrak eman nahi dizkiegu alkate guztiei; baina, bereziki, Pedro Mendietari, lehen urratsak egiten laguntzeagatik". Era berean, familien konfiantzarik gabe ezer ez zela posible izango garbi dute, eta haiei ere eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete. Kooperatibaren aroa amaituko da, baina Pausokak etorkizuneko belaunaldiak hezten jarraituko du, oraingoan, Partzuergoaren aterkipean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak