2024 urte amaieran Eusko Jaurlaritzak Udal Haurreskolen inguruan (Aretxabaletan Pausoka kooperatibak izan du esleituta) erabaki bat hartu zuen: hauen finantziazioa eten egingo zuela, Udalei Haurreskolen Partzuergoa eskaintzeko atea zabalduz.
Egoera ikusirik, Aretxabaletan, Udalak Pausoka kooperatiba, Kurtzebarri Eskola eta Arizmendi Ikastolak osatutako mahaia deitu zuen. Arrazoi desberdinak medio, Aretxabaletan Haurreskolen Partzuergoa eskaintzea erabaki zuen Udalak. Haurreskolen Partzuergoa Hezkuntza Sailak finantzatzen duen arren, Aretxabaletako Udalari dagokio eraikin bat eskaintzea. Orain arte Pausoka kooperatiba egon den Belorrieta kaleko eraikina Gizabidea Fundazioarena da.
Arizmendi Ikastola ere Fundazio honetako patronatuko kidea da. Eta 2003an sinatutako herri akordio izaera jasotzen duen hitzarmen baten harira, Pausoka kooperatibak eraikin horretan egin du bidea. Udalak Partzuergoa eskaintzeko eraikinik ez zeukan.
Udalak deitutako mahaian elkarrizketak izan ostean akordio bat lortu da. Udalak, ikastetxeek eta Gizabideak begi onez ikusten duten akordioa. Aretxabaletan Partzuergoaren eskaintza Gizabidearena den eraikinean izango da 26-27 ikasturtetik aurrera. Eta Arizmendi Ikastolak 2 urteko gela eraikinean bertan izango du. Horretarako, eraikina egokitu egingo delarik, espazio berri bat eraikiz.
2026-27 ikasturtetik aurrera, beraz, Belorrietako eraikinean eskainiko dugu 2 urteko gela. Espazio berria izango da, Ikastolaren Hezkuntza Eredua eskaintzeko Ikastolako lankideek diseinatu dutena. Bestalde, egun Basabeazpin dauden zerbitzuak ere eskainiko dira bertan, besteak beste, jantokia, egutegi aukera desberdinak eta harrera gela.
Akordio honetan bakoitzaren interesen gainetik herri interesak gailendu direla nabarmendu nahi dugu. Udalak, Ikastetxeek eta Gizabideak ikuspegi horrekin egin dugu lan. Gure ustez, akordio positiboa da Aretxabaletarentzat eta etorkizunean hezkuntzak izango dituen erronkei erantzuteko oinarria eraikitzen laguntzen duela deritzogu.



