Portasolgo jaiak adin guztietarako egitarau zabalarekin datoz

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko uztailaren 14a

Portasoleko Jai Batzordeko hiru kide, egitaraua eskuan dutela.

Uztailaren 16tik 19ra ospatuko diren festen egitaraua gertu dago, azken urteetako bide arrakastatsuari segida emateko.

Portasoleko jai eraberrituek ibilbide arrakastatsua izan dute 2022. urteaz geroztik, eta, antolakuntza taldea indartuta, bide horretan jarraitzeko helburuarekin datoz aurten uztailaren 16tik 19ra bitartean ospatuko diren festak. Egitarau zabal batekin publiko gehiagorengana iristeko nahia nabarmendu nahi izan du antolakuntzak; horretarako, bada berritasunik ere: eguenean, Txalainaken emanaldia –Hertzainak taldearen bertsio-taldea–, barikuan, Lekittoko Deabruen ikuskizuna; eta larunbatean, nostalgikoenentzat, 80ko hamarkadako musika emanaldia, Mikel Nighten DJaren eskutik, Atseden pareko plazan. 

Jai Batzordeko Julen Azkarate kidearen esanetan, asteburu beroa espero dute, baina, eguraldiagatik ez ezik, jai giroagatik ere bai: "Tenperatura altuez haratago, jai parte-hartzaile eta anitzak izatea nahi dugu".

Ikuskizun eta jarduera ugari

Ohi bezala, kaleak girotzeko mordoxka bat ekitaldi izango dira; besteak beste, jada klasiko bihurtu den radarraren aurkako lasterketa, grafiti erakusketa eta paella lehiaketa. Tiro erakustaldia, puzgarriak eta mus txapelketa ere egongo dira. Zapatuko bazkarian 200 pertsona inguru biltzea espero dute mahaiaren bueltan.

Musikarentzat protagonismoa

Musika eskaintza anitzari dagokionez, Txalainaken kontzertuaz gain, ostiralean 48280 rap kantariak, Akulu punk taldea eta Sun's Door Portasoleko erromeria igoko dira oholtza gainera. Larunbatean, berriz, Berandu Baino Lehen, Apotheke 90 eta Aingura taldeen kontzertuak izango dira txosnagunean.

Egubakoitz gaueko autobus zerbitzua indartuta

Egubakoitz gau eta zapatu goiz arteko zerbitzua indartuko du Lurraldebusek jaietara "modu jasangarri, eroso eta seguruan" hurbildu ahal izateko. Zerbitzu berezi horiek soilik uztailaren 17tik 18rako gauean emango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak