UDA Kirol Elkarteak 2025-2029 aldirako Plan Estrategikoa aurkeztu zuen egubakoitzean, Arkupe Kultur Etxean, klubaren etorkizuneko norabidea zehazteko. Dokumentuak datozen lau urteetako gidalerroak zehazten ditu, eta helburu nagusia kirol kluba izatetik komunitatea sortzen duen klub eredura jauzi egitea. Planaren aurkezpena 2025-2026 denboraldiari amaiera eman dion urteko ohiko batzarrean egin zuten. Agurtzane Elkoro UDAko presidentearen esanetan, plana "ez da kaxoian gordetzeko dokumentua, eguneroko lanean erabiltzeko tresna baizik". Helburua, haren hitzetan, herriaren kluba izaten jarraitzea da, baina egitura "sendoago" eta “parte-hartzaileagoarekin”.
Plan estrategikoa lau lan ildoren inguruan egituratzen da: kirol proiektu komunitarioa garatzea, UDAren jardueren eragin soziala handitzea Aretxabaletan eta Leintz bailaran, klubarekiko atxikimendua indartzea eta gobernantza nahiz kudeaketa eredua hobetzea.
Arlo soziala, ere bai
Kirol mailatik haratago, nortasunaren arloan hezkuntza proiektua, boluntarioen sarea eta komunitate ekimenak indartuko dituzte. Herrigintzari dagokionez, udalarekin eta herriko eragileekin elkarlana sendotu nahi dute, eta, azkenik, antolaketa eta gobernantza eredua berrituko dituzte. Plan estrategikoa Atxabaltar Izaera herri proiektuari lotuta dago. UDAk eta Aretxabaletako Udalak bultzatutako egitasmoak euskalduntasuna, komunitatea, errespetua eta inklusioa ditu ardatz. Balio horiek entrenatzaileekin, familiekin, zuzendaritzarekin eta boluntarioekin landuko dituzte datozen denboraldietan.