Kultur emanaldiz beteta egongo dira herriko bazterrak hilabete osoan

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 5a

Jon Basaguren musikariak hartuko du parte ekimenean. Argazkia: Izaki Gardenak

'7x7 kultura kalean' ekimenaren baitan, askotariko ekitaldiak izango ditu ekainak.

Ekainean murgildu berritan, kultur ekitaldiek protagonismo handia hartuko dute Aretxabaletako kaleetan, 7x7 kultura kalean ekimenaren baitan. Hilabeteko zazpi egunetan, 19:00etan hasita, herriko zazpi txokotan hainbat kultur ekitaldi egingo dituzte. Urte sasoi honetara iritsita, askoren egutegietan markatuta dagoen hitzordua da honako hau, eta musika, antzerki, dantza eta bestelakoez gozatzeko aukera egoten da herriko kaleetan. "Espero dezagun emanaldi egunetako eguraldia ona izatea eta kalean giro ona egotea. Eguraldia txarra izango balitz, ekintza batzuk Karmele Igartua aretoan egingo genituzke", adierazi du Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotzi Ibai Zangituk.

Askotariko tokietan

Adin-tarte guztientzako ekitaldiak izango dira. Gaur bertan, 19:00etan hasita, Alonso, ezinezko mandatuen mezularia antzezlana taularatuko dute Hortzmuga konpainiakoek, plazan; herriko gazteenendako da. 7x7 kultura kalean bada kultur ekitaldiak iristen ez diren toki horietara ailegatu gura duen ekimena. Hain zuzen ere, eguaztenean izan zen lehenengo ekitaldia, eta Kiki eta Koko pailazoak Larrino auzoan egon ziren. "Ekimenaren helburuetako bat ere bada normalean kultur ekitaldiak egoten ez diren lekuetara iristea. Aurten, adibidez, Larrino auzoan izan gara, baina datorren urtean badugu kultur ekitaldiak beste auzo batzuetara eramateko asmoa. Edozein auzotan interesik baldin badute jar daitezela gurekin harremanetan", adierazi du Zangituk.

Harrera ona

Kaleak girotzen dituen ekimena da, eta urte sasoi honetan herriari kolorea emateari balioa ematen dio Kultura zinegotziak. "Harrena oso ona" izaten duela dio hark; izan ere, "eguaztenetan herritarrak pintxo-potean irteten dira, eta, eguraldi onaren aitzakiarekin, kalean gelditu eta emanaldiak ikusten dituzte", adierazi du Zangituk. Egubakoitzetan ere, asteburuaren bezpera izanda, "antzeko zerbait" gertatzen dela gehitu du.

 

Kiki eta Koko pailazoek hasi dute ekimena

Kiki eta Koko pailazoen emanaldia, Larrino auzoan.

Herritar ugari joan ziren eguaztenean Larrino auzora, orduan hasi baitzen 7x7 kultura kalean ekimenaren aurtengo edizioa. Haurrentzako emanaldia izan zen, baina hainbat guraso ere atera zituzten agertokira. Eguraldia lagun izan zuten, eta emanaldiaz gozatu zuten bertaratuek. Ostean, txokolate-jana egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak