"Argitu nahi dugu udal-jabetzakoak ez diren fatxadak pribatuak direla eta haien mantentze-lanak ez dagozkiola udalari, mezu iraingarriak agertzen diren kasuetan izan ezik", adierazi dute Udal Gobernuko kideek. Horregatik hain zuzen ere, herria garbiago egon dadin "bide eraginkorragoak topatzeko lanetan dihardutela aspalditik" diote: "Fatxaden jabeei dirulaguntzak ematearen aukera, esaterako, baztertu egin zen, horrek jabeentzat suposatuko lukeen zama burokratikoagatik".
Datozen asteetan pintadak kentzeko garbiketa kanpaina egingo dela argitu gura izan dute eta "EAJk badakiela" hori gaineratu, "batzordeetan eta osoko bilkuran emandako informazioari esker". 25.000 euroko aurrekontua bideratu dute horretara. "Esan bezala, datozen asteetan pintadak kentzeko kanpaina bizia egingo da, aldizkakoa eta iraunkorra izateko bokazioarekin".