Pintaden aurkako "garbiketa plan arin eta jarraitu bat" eskatu dio Aretxabaletako EAJk Udal Gobernuari

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 18a

Durana kalean dagoen Kutxabanken aurrealdea. (Argazkia: Aretxabaletako EAJ)

Alderdi jeltzaleak Udal Gobernuari eskatu dio "pintadak ez normalizatzeko" eta garbiketarako eta mantentze-lanetarako aurrekontu-partida espezifiko bat izatea, "fatxada pribatuetan eta hiri-altzarietan pintadak ugaritzen" ari direlako. 

Azken urteotan "fatxada publiko zein pribatuetan, hiri-altzarietan eta edukiontzietan ugaritu diren pintadetan" jarri du arreta Aretxabaletako EAJk eta "ez dagoela etengabeko planik" salatu. Talde jeltzaletik adierazi dute pintadak udalerriko hainbat auzo eta eremutan zabaldu direla, eta "utzikeria irudia" sortu dela, "bizikidetzari zein hiri-ingurunearen zaintzari kalte" eginez: "Aretxabaleta ezin da pintada iraunkorren erakusleiho bihurtu. Egoera oso agerikoa da, eta Udalak espazio publikoaren garbitasuna eta neutraltasuna bermatzeko erantzukizuna eta eskumena ditu".

Adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidea dela azpimarratu du EAJk baina "bere mugak" dituela gaineratu: "Gainerako bizilagunen eta herritar guztiena den ondare partekatuaren eskubideak urratzen direnean". Horregatik, espazio publikoa zaindu eta errespetatzearen alde egin du: "Mantentze-lanak egin behar dira, garbitasuna eta hiri-egituraren beraren harmonia bermatzeko. Aitzitik, zikinkeriak, narriadurak edo distortsioak kostu soziala dakar, paisaian, estetikan eta ikusmenean duen inpaktuagatik".

Udalak "azkar jokatu beharra"

Pintaden erantzukizuna horiek egiten dituenarena zein tokiko erakundeena dela diote jeltzaleek: "Espazio publikoarekiko errespetua norbanakoaren erantzukizunetik hasten da. Aretxabaletak baditu adierazpen askerako panel publikoak". Eta Udalari dagokiola azkar jokatzea horiek garbitzeko gaineratu dute.

Kudeaketa publikoa eta herritarrek espazio publikoa erabiltzea "errespetu kontua" dela diote: "Edo hitz bakar batez esanda, gizalege kontua. Espazio publikoaren egoerak gure herria kudeatzeko moduaz eta herritarrek bizikidetzarekin duten konpromisoaz hitz egiten du. Ezin dugu normalizatu fatxadak, bankuak, paperontziak edo eraikinak hilabete eta urteetan pintadaz estalita egotea".

Horregatik, talde jeltzaleak Udal Gobernuari eskatu dio martxan jar dezala "garbiketa plan arin eta jarraitu bat", eta "prebentzio eta mantentze mekanismoak indartu" ditzala: "Aretxabaletak garbi, zainduta eta baldintza duinetan egotea merezi duelako".

Eta jeltzaleek berretsi dute "Aretxabaleta zainduagoa, errespetatuagoa eta hobeto kudeatua" izateko konpromisoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak