Puntua aldizkariaren 498. zenbakiko Elkarrizketa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Sarri jarri da Jokin Antxia Goienaren mikrofonoen eta grabagailuen aurrean, eta elkarrizketa hau proposatzean ere, "Goienari ezin diot ezetz esan" izan da haren erantzuna. Aukera aparta soldatapeko lanaz aparte egin dituen askotariko ardurak errepasatzeko.
Ez dira gutxi izan dituzun eta oraindik ere badituzun ardurak. Zerrenda horretatik, zerk betetzen zaitu, bereziki?
Nire arduren zerrenda hiru multzotan banatuko nuke. Aratzekoa familia kontuengatik izan zen: nire anaiak desgaitasuna zuen, eta egoera berean zeudenei laguntza eskaintzeko sortu genuen elkartea. Bigarren multzoa zaletasunena da. Hor dago txistuarena: txistua jotzea gustatzen zait; taldean giro ona dugu; pieza berriak ikastea erronka bat da... Zinegotzia eta UDAko eta Basotxoko presidente izatearena, aldiz, etxetik jaso izan dudan mezuaren ondorioa da: herriari lagundu egin behar zaiola. Alde horretatik, ahal izan dudan neurrian, lagundu egin dut. Baina Aratzekoa eta txistuarena ezberdinak dira: bata, ia-ia derrigorrezko eginbeharra; eta bestea, zaletasuna.
Txistuarekiko zaletasun hori umetatik izan duzu ala gerora etorri zen?
Ni 12 edo 13 urterekin hasi nintzen musikan; lehenengo, solfeoa ikasten, eta gero, Demetrio Iriarteren eskutik, txistua. 14 urterekin, baina, Eibarko Unibertsitate Laboralean ikasten hasi nintzen, barneko ikasle, eta, etxean apur bat jotzen nuen arren, txistuarekiko lotura galdu egin nuen. Gero, ezkondu eta lanean egonkortasun bat nuela ikusi nuenean, berriz ere hartu nuen txistua; 30 urteren bueltan izango zen. Beti pentsatu izan dut, gainera, nire seme-alabei txistuarekiko zaletasuna transmititzeko, ni neu eredu izan eta nik neuk txistua jotzea zela modurik egokiena. Hori horrela, biek jo dute txistua. Gauzak ez dira esanda bakarrik transmititzen, etxean ikusi ere egin behar dute.
Zein da Loramendi txistulari taldearen egungo egoera? Uste duzu aretxabaletarrek estimatzen dutela zuen jarduna?
Txistua, abesbatzak... Horrelakoak ez daude modan, eta gu eusteko ahaleginetan gabiltza: taldean zortzi edo bederatzi ere elkartu gaitezke, baina, normalean, lau-edo izango gara konpromiso guztiei erantzuteko mugituko garenak. Arazoa da atzetik ez dugula ikusten belaunaldi berriak datozenik; baina gure moduko talde guztiak berdin gaude eta ez dugu egoerari buelta emateko eredurik. Herritarrek, orokorrean, estimatzen dute egiten duguna; esango nuke jendearentzat polita dela, adibidez, jai bat datorrenean etxetik goizeko diana entzutea. Gure konpromiso handiena Leizarra Musika eta Dantza Eskolako dantza taldekoekin da, txistu barik ezin dutelako dantza egin. Eskolatik egiten ari diren lan onaren ondorioz talde sendoa denez, sarri jotzen dugu haiekin. Eta, bestelakoan ere, kalean ere jasotzen ditugu jendearen esker mezuak eta.
1992an Aratz sortu zenutenetik igarri duzu aldaketarik gizarteak desgaitasuna duten pertsonekiko duen jarreran?
Bai; 40 urte atzera eginez gero, gaur egun sinesgaitzak diren kasuak zeuden. Guri gertatu zitzaigun ez jakitea Aretxabaletan bertan, etxe batzuetan, desgaitasuna zuten pertsonak bizi zirenik. Zergatik? Ez zirelako etxetik irteten, familiakoek gordeta moduan izaten zituztelako. Alde horretatik, aurrerapen handiak egin dira. Gero, Atzegiren bueltan eskoletan laguntzeko pertsonak, Gureak tailerrak, aisialdirako Txolarre taldea... sortu ziren, eta desgaitasuna dutenen bizimodua normalizatzen joan da. Apurka-apurka, beste guztiok egiten duguna egitea lortu dute. Nik neuk elkartearekin hartu-emanetan jarraitzen dut, baina badira hiru urte Atzegin Debagoieneko ordezkari izateari utzi niola.
"40 URTE ATZERA EGINEZ GERO, GAUR EGUN SINESGAITZAK DIRUDITEN KASUAK ZEUDEN DESGAITASUNA DUTENEKIN LOTUTA"
Desgaitasuna dutenen bueltan, zer aldatu edo hobetuko zenuke lehenengo?
Guri dagokigunez, ikusten dut jendea apur bat erlaxatu egin dela: familiakoak Gureaken-eta lanean hasi direla ikusi, eta, nolabait ere, lasaitu egin direla. Eta horrek min handia egiten du: zure ondokoa ondo kokatuta egon arren, lanean jarraitu behar duzu ingurukoei zure esperientziak partekatuz, haiei lagunduz... Horrelako egoera bat bizi dutenek berba asko egin behar dute elkarren artean; beti izango dute zer eman eta zer jaso. Kanpora begira, esango nuke erakundeak, orokorrean, bide onetik doazela; denek ez, baina askok badute, legeak ezartzen duen moduan, desgaitasuna duen langile kopuru bat. Jendeari dagokionez, Aretxabaleta beti eredu moduan jarri dute Gipuzkoan. Erdiko kalean, esaterako, desgaitasuna duten pertsonen egoitza bat dugu, eta jendeak agurtu egiten ditu han bizi direnak, haiekin berba egiten dute... Probatu dira beste eredu batzuk; herritik kanpo desgaitasuna duten laurehun pertsonarentzako egoitza handiak egiten, adibidez. Baina hori ez da bidea; Aretxabaleta moduko herri batentzat bestea da hobea, herritarrak beti daudelako laguntzeko prest.
UDA berdin bizi du batek zale izan edo presidente izan?
Ni bitan izan nintzen presidente, eta esango nuke bietan ere krisi baten bueltan izan zela. Lehen etapa 1989 eta 1991 artean izan zen; oraindik ere Ibarra futbol-zelai zaharra zegoen, eta, argirik ez zegoenez, borroka guztiak ordutegien antolaketaren eta zelaiaren egoeraren eta horietan egin beharreko lanen bueltakoak ziren. Bigarren etapan, 2004 eta 2009 artekoan, arazo haiek guztiak konponduta zeuden, eta buruhausteak beste nonbaitetik etorri ziren. Zaila zen jendeari ulertaraztea herriko talde bat ginela eta herritarrek izan behar zutela gozatzeko aukera; helburua ez zela txapeldunak izan eta horretarako jokalariak-eta kanpotik ekartzea. Gehiegizko lehiakortasuna kentzea zen asmoa, nahiz eta hori oso zaila zen. Bigarren etapa kudeatzea lehenengoa kudeatzea baino zailagoa izan zen, pertsonen sentimenduak, haserreak... kudeatu behar izan genituelako. Presidente moduan asko gozatu nuen, baina asko sufritu ere bai. Gaur egun, zale gisa, ikusten dut UDA ondo dagoela eta jarraitzaile mordoa dituela. Aretxabaletan, futbol-zelaian beti egon da animazio handia, eta zale batzuk erraz berotzearen ondorioz arazo batzuk ere izaten ziren lehen, baina esango nuke gaur egun ez direla ikusten lehen egoten ziren haserreak, futbola modu naturalagoan bizi dela.
Coprecin lan egin ostean, kezkaz ala gogoz hartu zenuen erretiroa?
Gustura hartu nuen! Hamar urte lehenagotik markatuta neukan 61 urterekin erretiratuko nintzen eguna, eta baneuzkan buruan erretiro ostean egin gura nituenak. Osasuna aldeko dudanez, buruan neukan egitura horri jarraitzen diot, oraingoz: goizetan, askotariko ariketa fisikoa egiten dut; eta arratsaldeetan, txistuarekin-eta beti dut zeregina. Baina nire lehentasun nagusia bilobak dira: semea eta alaba, biak Iparraldean bizi dira, bakoitzak neskatila bat du, eta ia astero joaten gara haiengana.
Erretiroa hartu aurretik, ezagutzen zenuen Basotxok egiten duen lana?
Apur bat gainetik, baina bai. Kontua da hiru urterako presidente izateko proposamena egin zidatela, eta erabaki nuela baiezkoa ematea. Hainbat gauza gertatu dira azken urteotan Basotxon. Batetik, pandemiarekin pertsona nagusiek asko sufritu zuten. Bestetik, pandemiatik irtetearekin batera, elkartearen egoitzaren lekualdaketa etorri zen, eta, horretarako egin beharreko lanek uste baino denbora gehiago hartu zutenez, denbora batez egoitza gabe egon gara. Horrek guztiak kudeaketa berezia eskatu du, eta orain berriz ere normaltasunera itzultzen gabiltza. Bastotxotik harritu nauena da, batetik, ia 1.000 biztanle garela. Horretaz gain, badaude gai konkretuez arduratzen diren kideak; adibidez, bidaiak antolatzeaz. Nolabait ere, modu autonomoan lan egiten dute, eta horrek asko laguntzen du elkartea martxan mantentzeko orduan. Udalarekin hitzarmen nahiko txukuna lortu genuen iaz, eta horrek lasaitasuna eman digu.
"GAUZAK EZ DIRA ESANDA BAKARRIK TRANSMITITZEN, ONDORENGOEK ETXEAN ERE IKUSI EGIN BEHAR DUTE HORI"
Atzera begiratu eta lehengo garaiak hobeak zirela uste dutenetakoa zara, ala ez?
Nire aita Espainiako gerraren garaikoa zen, eta hark beti esaten zuen lehengo edozein garai okerragoa zela. Eta nik neuk ere horrela pentsatu arren, azken hamar urteotan gertatu direnak ikusita ez nuke gauza bera esango. Azken urteotan gauza batzuek okerrera egin dute: lortutako eskubideen errespetuan atzerapen handia gertatu da; etxebizitzaren arazoa; lanaren prekaritatea... Ez dakit zergatik, baina aurrera egin beharreko gauza batzuetan atzera egin dugu. Era berean, boterea dutenak euren indarra erakusteko gerrarako gogo handiz ikusten ditut.
Zuk zeuk asko begiratzen duzu atzera?
Gutxitan begiratzen dut atzera; baina egiten dudanean izaten da arazo bati aurre egin behar diodalako, edo animoak behar ditudalako; ikusteko lehen ere egon zirela arazoak eta irten ginela haietatik. Atzera begiratzen dut, aurrera egin daitekeela gogoratzeko.
Aretxabaletar izaera prozesuan parte hartzen zabiltza. Aretxabaletarrek baduzue beste era batekoak egiten zaituzten berezitasunik?
Ez gara Euskal Herriko beste herritar batzuekiko oso ezberdinak. Baina era horretako gogoetak ondo datoz gauza batzuetan eta horiek egiteko moduetan hobera egiteko, eta hori denok batera egin dezakegula transmititzeko.
Zer gustatzen zaizu gehien Aretxabaletatik?
Ni oso leiala izan naiz Aretxabaletarekin. Herritik gehien gustatzen zaidan lehen gauza tamaina da, 7.000 biztanle inguruko herria izatea. Akaso, ohitu egin naizelako izango da, baina ez dut neure burua ikusten Gasteizen edo Eibarren bizi izaten. Era berean, bizi eta lan bertan egin dudanez eta jende asko ezagutzen dudanez, ezezko gutxi entzun ditut nik Aretxabaletan; jendeari laguntza eskatuz gero, baietza da nagusi. Eta gaur egun, gauzak egiteko gogoa ikusten dut, herri bizia dela.