Gorka Madinabeitia: "Ni ez naiz betiko bolaria, umetatik ibili izan dena; oso berandu hasi nintzen jokatzen"

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 8a

Gorka Madinabeitia, eguaztenean, Aretxabaletako bolatokian. Mirari Altube

Gipuzkoako 55. Hiru Txirlo Bola-joko Txapelketako sailkapen orokorreko liderra da Gorka Madinabeitia Perez (Aretxabaleta, 1969) lehiaketa bukatzeko lau jaurtialdiren faltan. Bola-jokoen zalea da eta orain dela bost urte, UDA taldea sortu zutenetik, dihardu txapelketetan. Zapatuan, Elgoibarren, San Migel bolalekuan elkartuko dira bolariak.

Txapelketa txukuna egiten zabiltzate UDAkook.

Bai; sailkapen buruan nago hainbat astez, eta binaka, Eñaut Kortabarriarekin batera, bigarren postuan gaude. Baina aurreko urtetan ere izan ditugu emaitza onak; emakumezkoetan, esaterako, birritan izan da Isana Gorosabel Gipuzkoako txapelduna, eta Euskal Herrikoa ere bai; eta Nerea Lete, Bizkaiko txapelduna. Taldeka lehen hiru postuen artean sailkatu izan gara.

Azken jaurtialdian, Soraluzeko Ezozin, zeuk irabazi zenuen, eta horrek liderrago egin zaitu.

Bai; orain, zazpi txirloko aldea daukat. Handia da aldea, baina beste urte batzuetan ere gertatu izan da azken hiru edo lau jardunaldietan galdu izana baten batek. Hortaz, ez dago ezer irabazita, asko geratzen da eta atzetik ditudanak bolari onak dira, izugarrizko palmaresarekin; teorikoki, ni baino hobeak.

"Zazpi txirloko aldearekin nago sailkapen buruan, baina ez dago ezer irabazita"

Afizioa etxetik datorkizu?

Ni ez naiz betiko bolaria, umetatik ibili izan dena. Baina egia da mutikotan, Goroetako eta Arkarazoko jaietan, helduak hasi aurretik bola batzuk botatzen genituela. Gero, sanmigeletan eta andramaixetan antolatutako txapelketetan noizbehinka agertzen ginen kuadrillakook. Behin bigarren geratu nintzela dut gogoan, eta, ondoren, nahiko erregularki hasi nintzen jokatzen. Horrela sortu zitzaidan afizioa, baina oso berandu, 40 urtetik gora nituela.

Zer behar da aurrean ibiltzeko?

Kontzentrazioa. Bola botatzeko unean ondo kokatu eta jarrera egokia hartu; errutina hori ondo egitea da garrantzitsua. Jakin bola nondik atera behar den eta botatzerakoan ere pentsatutako moduan egin. Batzuetan, gura moduan irteten da; eta beste batzuetan, ez. Txapelketetan ez da samurra izaten, inguruan jende asko egoten delako eta horrek urduritasuna sortzen duelako.

Eta indarra garrantzitsua da?

Adituek diote indarra ez dela behar, ondo botatzea baizik, baina bolatokietan ikusten dugu bolari on gehienek indartsu botatzen dutela. Indarrak lagundu egiten du bola txirloetara iristen, nahiz eta bolaleku guztietan hori ez izan erabakigarria.

"Ondo dator entrenatzea: bola botatzeko postura egokia lantzeko, zelan bota jakiteko… Errutina hori zenbat eta sarriago egin gero eta barneratuago"

Bolalekuen ezaugarriek badute zeresana, orduan?

Bai, eta bolak berak ere bai. Txapelketa osoa bola berberarekin jokatzen da, eta hasi aurretik zozketatu egiten da zein izango den hori. Aurtengoa oso egokia ari da izaten niretzat. Beste urte batzuetan egon dira bolak askoz ere gaitzagoak, nagiagoak, jausteko joera handiagoa dutenak. Eta bolalekuak ez daude bi berdinak. Batzuk samurrago egoten dira, indartsu botatzen ez dutenentzako egokiagoak; beste batzuk, berriz, gaitzagoak dira, eta indarra garrantzitsua da horietan.

Txapelketa bukatzeko lau jaurtialdi dituzue. Zelako bolalekuak dira?

Zapatuan Elgoibarren jokatuko dugu; gero, Soraluzeko San Andresen; ostean, Bergaran; eta, bukatzeko, Azkoitian, Floreagan. Nahiko zailak dira guztiak; hortaz, guretako aproposik ez. Bolatoki gaitzetan, baina, txirlo asko ez dira botatzen, eta hori nire aldeko da; txirlo gutxi jotzen baditugu, guztiok abantaila mantendu egingo nuke.

Entrenatzen duzue?

Bai, ondo dator entrenatzea: bola botatzeko postura egokia lantzeko, zelan bota jakiteko… Errutina hori zenbat eta sarriago egin gero eta barneratuago. Eguenetan elkartzeko deialdia astero egiten dugu eta taldetxoa sortzen bada entrenatzera joaten gara bolatokira. Edonorentzat ditugu ateak irekita, eta beti diogu guk: agertu eta probatu. Gu oso gustura ibiltzen gara.

Txapelketako jaurtialdi guztiak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak