Elikadura osasuntsuaren gaineko ikastaroa antolatu dute, adinekoen ongizatea sustatzeko

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 5a

Amaia Diaz de Monasterioguren dietista-nutrizionista. (Argazkia: Garaia PT)

Eguneroko bizitzan elikadura-ohitura egokiak txertatzeko tresnak eskaintzea helburu duen ikastaroa antolatu du Udalak, 70 urtetik gorako herritarrentzat. Amaia Diaz de Monasterioguren dietista-nutrizionistak gidatuko ditu saioak eta maiatzaren 18an hasiko dituzte; izena emateko epea zabalik dago.

Adinekoen ongizatea eta autonomia sustatzeko helburuarekin, POBA proiektuaren barruan –Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik– elikadura osasuntsuari buruzko ikastaro praktikoa antolatu du Udalak. 70 urtetik gorako herritarrei bideratu diete eta "elikadura-ohitura egokiak" txertatzeko tresnak eskaintzea du helburu nagusi.

Saio praktikoak eta pertsonalizatuak

Ikastaroa maiatzaren 18tik 25era eta ekainaren 1etik 15era egingo da, astelehenetan, 10:00etatik 11:30etara, Karmele Igartua aretoan. Saioetan hainbat arlo jorratuko dituzte modu praktiko eta parte-hartzailean. Besteak beste, erosketa arduratsua landuko dute eta elikagaien aukeraketa egokia nola egin azaldu, azpimarratuta prezioaren, kalitatearen eta denboraldiko produktuen garrantzia. Horrez gain, elikagaien etiketak ulertzen ikasiko dute parte-hartzaileek, nutrizio-informazioa interpretatzeko eta erabaki informatuak hartzeko.

Etxeko antolaketa eta kontsumoa ere landuko dute asteko "plangintza eraginkorra" egiteko aholku praktikoekin. Ildo horretan, asteko menu orekatuak prestatzen ikasiko dute, adinaren araberako behar nutrizionalak kontuan hartuta.

Bestalde, sukaldaritza tailer praktikoak ere egingo dituzte eta errezeta osasuntsu, erraz eta
egunerokoan aplikagarriak prestatu, ohitura osasungarriak sustatuta. Halaber, nutrizioaren oinarriak, hidratazioaren garrantzia eta elikadurari lotutako mito ohikoak aztertuko dira, informazio fidagarria eskaintzeko.

Saio pertsonalizatua ere izango dute: parte-hartzaile bakoitzak elikadura-plan egokitua jasoko du, bere beharrak eta ohiturak kontuan hartuta.

Gainera, irteera gidatua egingo da, merkatura edo dendara, ikasitakoa praktikan jartzeko eta produktu egokiak aukeratzen ikasi.

Izena emateko epea zabalik

Amaia Diaz de Monasterio dietista-nutrizionista eta coach oñatiarrak emango du ikastaroa. Izena emateko epea maiatzaren 5etik 13ra izango da zabalik, eta interesa dutenek Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dute; hona hemen bideak: amendia@aretxabaleta.eus eta 943 71 18 62.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak