Pedro Mendieta: "Carlos Garaikoetxeak barne indarra zuen jendea motibatzeko"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 4a

Pedro Mendieta. (Argazkia: Goiena).

Carlos Garaikoetxea hil da gaur Iruñean 87 urte zituela, bihotzekoak jota. Eusko Jaurlaritzako lehendabiziko lehendakaria izan zen frankismoaren ostean, eta EAJrekin zituen desadostasunek bultzatuta, Eusko Alkartasuna sortu zuen 1986an.

1980tik 1985era bitartean izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Carlos Garaikoetxea, eta agintaldi hartan, 1983 eta 1986 artean hain zuzen ere, Hezkuntza sailburuorde izan zen Pedro Mendieta (Aretxabaleta, 1938).

GOIENArekin egon baino ordu erdi lehenago izan du Garaikoetxearen heriotzaren berri, eta "penaz" hartu du albistea: "Ni baino hilabete batzuk gazteagoa zen. Momentu asko eta politak bizi izan ditugu. Eusko Jaurlaritzako kontseiluan ere egon izan nintzen berarekin. Anekdota asko dauzkagu. Egin genuena interesgarria izan zen orduko baldintzak eta baliabideak zeintzuk ziren ikusita".

Mendietak adierazi duenez, berarentzat eredu izan da Carlos Garaikoetxea, eta honako hitzak ere izan ditu: "Oso umila zen, eta batez ere, barne indarra zuen jendea motibatzeko. Bere jokaera ikusten dut eredu bezala. Baikorra zen eta %100eko konpromisoa zeukan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak