Pedro Mendieta: "Oraingoa baino krisi latzagoa bizi izan genuen eta enplegua sortzea zen alkatearen ardura handiena"

Mirari Altube Arrese 2011ko eka. 6a, 11:17

Pedro Mendietak (Aretxabaleta, 1938) urte asko egin ditu politikagintzan, bai Udalean, bai Diputazioan, bai Jaurlaritzan, eta oraindik ez da guztiz aldendu. Ez duela memoria onik dio, eta egindako proiektu zehatzak baino gurago du ekimenak gogoratzea.

Zelan hasi zinen politikagintzan?
Ezkontza egunean, 1966ko urrian, Gasteizen ospatzen geunden bazkarira Aretxabaletako hiru lagun etorri zitzaizkidan Tercio familiar delakotik nire sinadura eske. Ezetzik ez ematearren txartel bat sinatu nuen, zer egiten nenbilen ondo jakin barik. Handik hilabete batzuetara zinegotzi kargua hartzeko deitu zidaten. Halaxe, zortzi urte egin nituen oraindik Franco bizi zela.

Eta gero, demokrazia etorritakoan, jarraitu egin zenuen.
Bai; antza, ezetzik ematen ez dakit, eta orduan EAJkoak etorri zitzaizkidan proposamenarekin. Eta zinegotzi nintzela, sailburuorde izateko eskatu zidaten Garaikoetxea lehendakariarekin. Hara ere joan nintzen, Garaikoetxeak utzi zuen arte eta EA sortzen hasi.

Zeuk ere EA taldea osatu zenuen Aretxabaletan eta alkatetza lortu.
Halaxe izan zen; bakarrik nengoen herrian, baina bati eta besteari esanda talde polita osatu genuen. Bildurekin gertatu den antzera, orduan ere ilusioa sortu zuen EAk eta sei zinegotzi lortu genituen. Bi agintalditan lortu genuen alkatetza, baina bigarrena hasitakoan utzi egin nuen ardura, lan kontuekin ezin nuelako bateratu.

Eta ardura handia zen alkate izatea sasoi hartan?
Alkatearen ardura batez ere langabezia zen, enplegua sortzea.Oraingoa baino krisi latzagoa bizi izan genuen orduan, %25eko langabezia tasa eta gazteen artean %50erainokoa, eta administrazioak dirurik ez laguntzeko.

Hortik etorri zen industrialdea?
Bai; Diputazioan Eli Galdosekin batera egon nintzen eta bion artean erabaki genuen lehen industrialdeak sortzea Oñatin eta Aretxabaletan. Fagorko zuzendaritza taldean ere banengoen orduan, eta horrek lagundu egin zidan ekimena bultzatzerakoan. Hala, enpresa berriak ekarri genituen gurera, tartean, Diara, Lantek… Zoritxarrez, beste aukera batzuk izan dituzte gerora eta alde egin dute askok.

Austriako Maria Wörth herriarekin senidetzen saiatu zinen.
Bai; ekonomia suspertzeko harremanak estutzen saiatu nintzen eta gu bertara joan eta hango ordezkaritza gurera etorri zen. Baina Diputazioko eta Jaurlaritzako arduradunek ez zuten hala ikusi eta ez zen egin.

Sasoi hartan hasi zen etxeen eskaera herritarren aldetik, ezta?
Lurra enpresa eraikitzaileek zuten eta prezioak gora eta gora zihoazen. Horregatik, Asesa sortu genuen, Aretxabaletako sustapen enpresa, horren bidez etxeen kooperatiba osatu eta kontrako eskaintza egiteko; halaxe egin ziren Markoleko etxeak.

Etxeen eta industriaren arteko oreka lortu guran ibili zinen gero…
Jasangarritasunari begira herriak ahal den batuena izan behar du. Aretxabaleta estua izanik, etxeak eta industria elkartuta daude eta horrek arazoak dakartza. Hortaz, pentsatu genuen etxebizitzen eta industriaren artean bulegoak jartzea, eta asmo horrekin egin genituen Araba ibilbideko bi bulego-eraikinak.

Eta oraindik politika gertutik jarraitzen duzu.
Maisu garrantzitsua izan nuen, On Jose Maria Arizmendiarreta, eta hark betiko ardura barneratu zigun: "Ezin dugu konforme bizi sekula, beti dago zelan hobetu". Erretiratuok, gainera, esperientzia, irizpideak eta balio batzuk jaso ditugu eta hori zabaltzea garrantzitsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak