2026ko aurrekontuan hiru milioi euro txertatzea onartu du udalbatzak, hainbat proiektutarako

Mirari Altube Arrese 2026ko apirilaren 23a

Udalbatzako kideak apirilaren 16ko osoko bilkuran.

Udal Gobernuak agintaldiko planean jasotako proiektuak egin ahal izateko hiru milioi euroko kredituak gehitzea onartu zuten apirilaren 16an egindako ezohiko osoko bilkuran. EH Bilduren botoekin eman zioten onarpena, EAJren Udal taldeak aurka bozkatu zuen-eta.

Iazko abenduan, 2026ko Udal aurrekontua –13.130.000 eurokoa orduan– onartzerakoan iragarritako legez, kreditu txertaketa bat egin dute eta beste hiru milioi euro gehitu dizkiote. 

Gari Iturbe alkateak jakinarazi zuen joan den eguenean egindako osoko bilkuran 7.800.000 euro pasatxoko gerakina dagoela likidazioaren ostean. Hala, hiru milioi eurora arteko kredituak gehitzea proposatu zuen Udal Gobernuak: "Kreditu horiek 2025eko likidazioa itxi ondoren sartu dira; urte hori azken hamarkadako gastu eta inbertsio mailarik altuenarekin amaitu da, 14,3 milioi euro, eta horietatik 3,4 milioi euro zuzenean inbertsioetara bideratu dira".

"Lanak lehenbailehen hastea" helburu

Txertatutako kreditu horien helburua da bukatzear edo bukatuta dauden proiektuen obrak "lehenbailehen hastea". Eta kasu batzuetan, proiektu batzuk martxan jartzea edo idazketa fasean daudenak finantzatzea ere bai. "Testuinguru horretan, lehentasun berezia izango dute Iturrigorri pilotalekua eraberritzeko lanek", azaldu zuen Iturbek. Aldagelak egokitu, harmailak handitu eta bainugela publikoa sortzea da asmoa. Era berean, Andramari auzunea urbanizatzeko partida eguneratuko dute, aurreko lizitazioa hutsik geratu zelako.

Udal-eraikinetan ere hobekuntzak egin gura dituzte. Asmo horrekin, 320.000 euro gehituko dituzte udaletxean igogailu bat jartzeko eta sarbide-eremua hobetzeko, leihatila bakarra sortuz. Herriko Plazako bainugela publikoa eraberritzeko asmoa ere badago. Konponketak egingo dituzte beste Udal eraikin bat kuartela da: "Eraikinaren egituran lanak egingo dira eta teilatua konponduko da, haren egoera nabarmen hobetzeko". Beste hainbat eraikinetan ere hobekuntzak egingo dituztela iragarri zuten, "erabilera berrietara" egokitzeko.

Horiez gain, urbanizazio-lan txikiak ere egingo dituzte; hala nola, mugikortasun-planean proposatutako neurri batzuk gauzatu, komentuko lorategian aldaketak egin eta plazan zuhaitzak birlandatu.

Beste kreditu batzuk

Aste honetan beste kreditu batzuk ere onartu edo egokituko direla jakinarazi dute, besteak beste, honako hauetarako: txoko feminista berrirako inbertsio eta gastu txikietarako; fatxadak garbitzeko; Loramendi kaleko 1-5 arteko atzealdea konpontzeko proiektua idazteko; eta lorategi berriak sortzeko.

Gaineratu dute udalerriko lurzatiak mugatzeko lanen lizitazioa errazteko aldaketa bat egingo dela: "Arau-aldaketek, besteak beste, zenbait proiektu espero baino gehiago atzeratzea eragin dute; hala ere, gobernu-taldearen erabakia eta borondatea agintaldiko plana neurri handi batean gauzatzea da".

Hona hemen onartutako kredituak:

  • Pilotalekua egokitzea: 750.000 euro.
  • Andramari auzuneko urbanizazioa: 500.000 euro.
  • Inbertsioak baserri bideetan (22.000 euro gehiago aste honetan): 50.000 euro.
  • Kuartelaren hobekuntza lanak: 130.000 euro.
  • Mugikortasun planaren exekuzio lanak: 150.000 euro.
  • Udaletxeko igogailua: 320.000 euro.
  • Udal eraikinetan inbertsioak (65.000 euro gehiago aste honetan plazako komun publikoak berritzeko): 185.000 euro.
  • Azbeko lokalaren hobekuntzak (+16.800): 35.000 euro.
  • Iturrizar plazako igogailua (+30.000): 100.000 euro.
  • Ur beltzak batzeko gunea: 25.000 euro.
  • Ortu komunitarioak egiteko proiektua: 18.200 euro.
  • Geltoki plazako proiektua (+6.800): 25.000 euro.
  • Eszenatokia: 18.200 euro.
  • Bolatoki berria eta inguruko urbanizazioa: 50.000 euro.
  • Eserlekuen erosketa: 18.200 euro.
  • Kultura-karpa ertainak: 15.000 euro.
  • Urbanizazio lanak (+ 63.600): 100.000 euro.
  • Ur kontagailuak aldatzea: 100.000 euro.
  • Plazako zuhaitzen birlandaketa: 50.000 euro.
  • Saneamenduan hobekuntzak: 68.000 euro.
  • Proiektuak eta azterlanak (+ 41.800): 60.000 euro.
  • Kiroldegiko instalazioak (+15.000): 35.000 euro.
  • Frontoia egokitzeko exekuzio proiektua: 17.000 euro.
  • Lurra erostea –Santutxu–: 10.000 euro.
  • Landa finkak erostea: 50.000 euro.
  • Landa garapenerako kuota: 15.178,75 euro.
  • Kiroldegi aurreko kirol gunea (+10.978): 40.000 euro.
  • Gune estalia: 18.200 euro.
  • Altzariak (+5.000): 10.000 euro.
  • Komentuaren sotoa egokitzea: 18.200 euro.
  • Udaletxeko beheko solairua egokitzea: 15.000 euro.
  • Patio inklusiboa: 500 euro.
  • Udalaren ibilgailuak: 120.000 euro.
  • Zerbitzuetako inbertsioak-Erremintak: 5.000 euro.
  • Zerbitzuetako inbertsioak: 10.000 euro.
  • Segurtasun kamerak jartzea: 25.000 euro.
  • Kirol ekipamendua auzoetan: 20.000 euro.
  • Kulturako altzariak: 5.000 euro.

Jeltzaleak aurka

EAJk kontrako botoa eman zuen eta horren arrazoiak hiru izan ziren Mikel Uribetxebarria bozeramaileak azaldu zuenez: "Kredituen gaineko lanketa falta" batetik: "Proposatzen diren kreditu gehigarriek atzean dauzkaten proiektuak eta erabilerak landu gabe daude edo ez ditugu ezagutzen: mugikortasun planarekin lotuta egin nahi diren jarduerak, landa finkak erostearen atzean dagoen proiektua, udal eraikinetan planteatzen diren inbertsioak, komentuko sotoa, AZBEko lokalaren hobekuntzak, urbanizazio obrak…"

Bestetik, bi proiekturekin bat ez etortzea: "Autokarabanen ur zikinak botatzeko puntuaren gastuarekin, eta, Gipuzkoa plazan gune estalia jartzeko bigarren proiektu bat idaztearekin. Ez dugu uste lehentasuna denik ezta horrelako azpiegitura bat jartzeko leku aproposa".

Eta hirugarren arrazoia izan da 2026ko hasierako aurrekontuan EAJk planeatutako "hainbat proposamen jaso ez izana" orain; horien artean honakoak aipatu zituzten: paretak garbitzeko partida, zebra bideak argiztatzekoak, eta Lausittako proiektua idazteko partida: "Aurrerago alkatetza dekretu bitartez onartzeko aukera aipatu bada ere kreditu gehigarri horiek onartzean ikuspuntu osoa izatea nahitaezkoa da. Lausittako proiektuak daukan entitateagatik, partida propioa behar duela uste dugu".

Era berean, partida batzuekin ados agertu ziren, pilotalekua eraberritzeko zehaztutakoarekin eta Andramari auzuneko obraren bigarren lizitaziorako planteatutakoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak