24. Korrikaren lekukoa iristear da Aretxabaletara; zapatu goizaldean, hain zuzen ere. Herria girotzeko ekitaldiak, baina, goizean hasiko dituzte, hiru ikastetxeetako umeen eskutik. Korrika Txikia egingo dute gaur, egubakoitza, 10:30ean, Pausokatik abiatuta.
Arratsaldean, Euskara gara! leloa herri guztira zabalduko dute. 17:00etan hasita, jolasak izango dituzte neska-mutikoek Durana kalean, eta 18:15ean, Basotxo erretiratuen elkarteko abestaldeak kantuekin girotuko ditu bazterrak. Ondoren, 19:00etan, erromeriari ekingo diote Mitarte kalean, euskal dantza gidatuekin. "Askotariko belaunaldiak batzeko gune bat sortuta, parte-hartzea sustatu gura dugu", adierazi dute antolatzaileek, eta erromeriarekin gozatzeko prest dauden herritar guztiak gonbidatu dituzte, haien dantzarako maila edozein izanda ere.
Afaltzeko elkartuko dira 21:30ean, Herriko Plazan, eta kantuekin girotuko dute hori ere. Eta 03:00retan kalejiran joango dira lekukoaren bila.
Lekukoaren ibilbidea
Lekukoa 03:40an iritsiko da Eskoriatzatik. Eta aurten sekula baino metro gehiago egingo ditu herrian –hemen ibilbidea–. Txatartegi albotik sartuta, kiroldegiaren atzeko partetik Txarapeara egingo du; handik Loramendi kalera jaitsiko da, eta Araba ibilbidetik Belorrieta zeharkatu eta Mitartera egingo du. Durana kaletik sartuko da Lausittara eta Bedarreta albotik Arrasaterantz joango da. Hamabost lekuko aldaketa egingo dira eta hemeretzi eragilek hartuko dute hori.