Udal Gobernuak proposatutako planaren puntu bakarrean agertu ziren ados jeltzaleak: disuasio-aparkalekuak ezartzea. Hala ere, uste dute "kontu handiz arautu" beharrekoa dela: "Zaharkitutako ibilgailuentzako edo autokarabanentzako aparkaleku iraunkor bihur ez dadin. Kontrolik gabeko epe luzeko aparkaleku ez bihurtzea bermatu behar dute", zioen Mikel Uribetxebarria bozeramaileak.
"Desadostasun argiak"
Beste hainbat proposamen, ostera, ez zituzten begi onez ikusi, hala nola, Otalora kaletik Lausitta/Iturrizar plazara sartzeko bidea trafikoari partzialki ixtea. "Horretarako, beharrezkoa da noranzko bikoitza ezartzea eta Iturrizar eta Txarapea arteko bide-zatia zabaltzea, espaloia estutuz". Horregatik, "oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetuko duten jarduerak eginda" irekita uztea proposatu zuten.
Araba ibilbidean aparkalekuak jartzearekin ere ez ziren bat etorri "ikuspena murrizten duelakoan eta txirrindularien joan-etorriak zaildu. Hala zioen Uribetxebarriak: "Horrek garbi mantendu beharko litzatekeen arteria nagusi bat ibilgailuz kargatzen du". Horregatik, beste planteamendu handiago bat behar duela uste dute jeltzaleek "trafikoa baretuz eta espazio hori oinezkoen eta bizikleten mugikortasunera bideratuz".
Era berean, Andramari kaleko zirkulazioaren noranzkoa aldatzeko proposamenak "azterketa handiagoa" behar duela zioten: "Aretxabaletako erdigunetik Eskoriatzarako norabidean sortzen den trafikoan duen eragina aztertuta".
Alegazioak aurkeztera animatu
Behin hasierako onarpena emanda alegazioak aurkezteko epea zabalik dago, eta herritarrak animatu dituzte hobekuntzak proposatzera. "EAJk alternatiba lantzen jarraituko du, eta Udal Gobernuari bere plana berrikusteko eskatuko dio, kezka horiei aurre egiteko eta herritarren behar guztiak behar bezala beteko direla bermatzeko".