"Kaleak denonak" izateko Udalaren plana aurrera doa

Mirari Altube Arrese 2026ko martxoaren 13a

Iaz jarri zituen martxan Aretxabaletako mugikortasun- eta irisgarritasun-planak Udalak. Eta aldi berean idaztearen asmoa izan zen biak koordinatzea eta elkarrekin lotzea. Eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran hasierako onarpena eman zioten horri eta alegazioak aurkezteko epea zabaldu.

Bi plan horien helburua zein den azaldu du Hirigintza zinegotzi Ion Albizuk: "Aretxabaletarren egunerokotasuna nabarmen hobetuko duen eta zehatza eta egingarria izango den bide-orri bat proposatzea epe ertainera begira. Planteatzen dena ez da hutsetik sortu, baizik eta azken urteotan garatu diren jardunbide egoki askori jarraipena ematea".

Azaldu du bi planak idazteko "zutabeak" herritarren ekarpenak eta parte-hartze saioak izan direla, baita azken hilabeteetan eta urteetan jaso diren "proposamen eta kexen bilduma bat" ere. Hala, jarduera ezberdinak jasotzen dituen plana idatzi zuten, eta gero, herritarrei erakutsi zieten inkesta bidez. 

Hain zuzen ere parte-hartze prozesuak azpimarratu gura izan ditu Albizuk. Lehen fasean, 2025ean, informazioa bildu zuten Udaleko ordezkari tekniko zein politikoek. Eta bigarren fase batean, ideiak jaso ziren, hainbat eragileren parte-hartzearekin: erretiratuek, merkatariek, gurasoek eta kirol-taldeek. "Nabarmentzekoa da Almen eta Kurtzebarriko DBHko ikasle guztiek eta Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetako ikasleek ere parte hartu zutela haientzat proposatutako dinamikan".

Prozesuaren azken fasean, bilera irekiak deitu zituzten herritarrekin, proposamen zehatzak mahai gainean jarrita eta Internet bidezko inkesta bat ere zabaldu zen. Azken hori 250 herritarrek bete zuten. "Gure ustez garrantzitsua den datu hori nabarmendu nahi dugu, baita ekarpen txiki eta handien kopuru handia ere eta proposatutako ekintza bakoitzean emandako feedback-a".

Oinezkoak "erdigunean"

Plan horretan oinezkoak jarri dituzte erdigunean, "oinezkoei zuzendutako espazioak garatuz eta zabalduz". Eta horretarako asmoa da honakoa: "Oinezkoendako espazioak handitzea eta ibilgailu pribatuarenak berrantolatzea, segurtasuna handitzeko eta aparkaleku-kopurua mantendu ahal izateko".

Proposatutako jarduerak bi fasetan egingo dira: "Lehen fasearen helburua izango da ekintza testatzea eta nahi den efektua izan duen ikustea. Behin ontzat emanda eta egin beharreko aldaketak eginda, behin betiko jarduera egingo da".

Bi planetan, mugikortasunean eta irisgarritasunean, jasotako jarduerak gainjarri eta osatu egiten direla azaldu du Hirigintza zinegotziak, "proposatutako ekintzei koherentzia emanez". Horien guztien artean honako hauek nabarmendu nahi izan ditu Udal Gobernuak:

Oinezkoei begirakoak:

  • Ilargi plaza-Gurea tabernaren atzealdea: Berrurbanizazioa/espazio bakarra/plataforma batua.
  • Iturrizarreko igogailua.
  • Geltoki plaza: zebrabideak eta Basabeazpi-Iralabarri-Azbe bidegurutzea.
  • GSR eta Bedarreta auzoa: trazadura irisgarria, erosoa eta segurua (hasita).
  • Araba 34-42 ibilbideko espaloia: jarraitutasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea.
  • Aretxabaleta Lanbide Eskola-Ederlan bidegurutzea: oinezkoen segurtasuna hobetzea.
  • Durana: irisgarritasuna hobetzea. 2028tik aurrera gauzatzeko proiektua idatziko da.
  • Laboral Kutxa-Lausitta: oinezkoentzako espazioa eta segurtasuna.
  • Bizkaia-Gorbeia-Aralar-Zaraia kaleak: oinezkoentzako ibilbide seguruak.
  • Loramendi 3-9ko atzealdea ordenatu: irisgarritasuna eta espazioaren antolaketa.
  • Zebra-bideak.
  • Txarapea: abiadura murriztu, segurtasuna handitzeko.
  • Bainuetxe industrialdea gurutzatzea: segurtasuna.

Bizikletei begirako jarduerak:

  • Basabe industrialdeko bidegorria amaitzea (Copreci-ren ondoan).
  • Urkulu urtegiaren itzulera antolatzea.
  • Bizikletentzako ibilbideak margotzea.

Garraio publikoa

  • Autobus-geltokiak hobetzea.

Garraio pribatua

  • Araba ibilbidea: abiadura murriztea, segurtasuna eta oinezkoentzako espazio gehiago.
  • Errekabarren (Belorrieta auzoan): zentzu bakarra segurtasuna irabazteko Pausokaren aurrean, eta aparkalekuen galerak konpentsatzeko.
  • 1B sektorea (Lausitta): aparkaleku berria (100 plaza) eta bidegorria Santutxura arte.

Osoko bilkuran onartuta

Mugikortasun Plana izan zuen mahai-gainean eztabaidagai udalbatzak eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran. Hasierako onarpena eman zioten horri eta alegazioak aurkezteko epea zabaldu, nahiz eta EAJk planaren aurka bozkatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak