Kultura eta euskara eskutik, Korrika Kulturala martxan da Aretxabaletan

Imanol Beloki Unamuno

21.Korrikaren aitzakian Murura egindako irteera.

24. Korrikaren harira, Aretxabaletako Korrika Kulturalaren programa kultura ekitaldiz beteta dator, AEK-k, Aretxabaletako Udalak eta Aretxabaletako Korrika batzordeak elkarlanean antolatuta. Domekarako, martxoaren 15erako, esaterako Murura joateko deia egin dute. Han, 12:00etan, elkartuko dira Arrastekoekin eta Aramaiokoekin eta talde argazkia aterako dute Korrikari babesa erakusteko.

Gainerako ekitaldiak, kultur arlokoak dira, eta Zaraia aretoan egingo dituzte. Martxoaren 18an, 20:00etan, Nortasun agiria bakarrizketa egingo du Zuhaitz Gurrutxagak; haren hirugarrena da eta bizipenetan oinarrituta dago hau ere. Hilaren 19an, 17:00etan, Mamuak ezagutzera joan zen umea haurrentzako antzerkia izango da. Martxoaren 20an, Maria Osesek eta Idoia Asurmendik musika emanaldia egingo dute, 19:00etan; eta martxoaren 21ean, 19:00etan, Tongola umorezko bakarrizketa izango da Ainhoa Etxebarriaren eta Ugaitz Alegriaren eskutik. Martxoaren 22an, 19:00etan, Kaka helduentzako antzerkia iritsiko da Zaraia aretora; azkenik, martxoaren 26an, 19:00etan, Laburbira film laburren proiekzioa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak